EH Bilduk helburu du 2019an premia egoeran dauden pentsiodunek 858 euro hileko ziurtaturik edukitzea. 70 milioiko inbertsioa ere proposatu du Administrazioak kalitatezko enplegua sustatzeko.

EH Bilduk 19 emendakin partzial aurkeztu ditu gaur Legebiltzarrean Jaurlaritzaren aurrekontuen proiektua zuzentzeko, guzti-guztiak kontuen tramitazioa hasiz geroztik koalizioaren diskurtsoaren ardatzak izan diren eremuetan zentraturik: batetik, kalitatezko enplegua sustatu beharra, emakume eta gazteei begira batez ere (70 milioi euro gehiago inbertitzea proposaturik); bestetik, pentsioen osagarria indartu eta igo beharra.

Nerea Kortajarenak eta Leire Pinedok azpimarratu dutenez, EH Bilduren zuzenketek bermatzen dute Jaurlaritzak behar den dirua bideratuko duela 2019an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan pentsiodun bakar bat ere ez dela pobrezian biziko ziurtatzeko. “Gure helburua oso argia da: pentsio baxuenak osatzea premia egoera dagoen pentsiodun bakar batek ere ez dezan hila pasa behar 858 euro baino gutxiagorekin. Hori jauzi garrantzitsua litzateke, gaur pentsioen osagarria 732 eurora baino ez delako iristen. Anbizio handiko erronka da, baina posible da. Gaur egun pentsiodun pobreen herri batean bizi gara eta hori onartezina da. Ez genuke ulertuko Gobernuak 400, 500 edo 600 euro baino kobratzen ez duten pentsiodunei bizkarra ematen jarraitzea, ez genuke ulertuko herri justuago bat eraikitzeko bideari uko egitea”. Edonola ere, EH Bilduko legebiltzarkideek gogorarazi dute zein den koalizioaren azken helburua, alegia, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzea. “Orain aurrerapauso bat eman nahi dugu norabide horretan, posible delako eta hori egiteko dirua eta eskumenak ditugulako”.

Betiere norabide horretan, gaur aurkeztutako zuzenketen bitartez EH Bilduk proposatu du Diru-Sarrerak Bermatzeko Legean Patxi Lopezek egin zuen %7ko murrizketa bertan behera uztea eta pentsioen osagarria eskubide indibiduala bilakatzea. Azken neurri honek –azaldu dute Pinedok eta Kortajarenak– sarbidea emango lieke 50.000 pentsiodun ingururi, emakumeak gehienak. Pentsioen arloko neurriak finantzatzeko, 163 milioi euro erabiltzea planteatzen dute zuzenketek, baina legebiltzarkideek azpimarratu dute diru-kopuru hori zabalgarria litzatekeela, beharren arabera. “Pentsioen osagarria eskubide subjektiboa den heinean, diru-partida hori zabalik geratuko litzateke, Gobernuak osagarria ordaintzeko behar adina diru egongo dela bermatzeko. Horixe da gure zuzenketek bermatzen dutena”.

Pinedok eta Kortajarenak berretsi dute EH Bilduk, gobernatuz gero, bestelako aurrekontuak egingo zituela, “baina planteatzen ari garen zuzenketen bitartez aurrerapauso garrantzitsuak eman daitezke eta guk ez dugu etsiko, gobernua mugiarazteko, denbora dagoelako eta dirua zein eskumenak ditugulako pentsiodunen bizimodua hobetzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko”. Hori bai, ohartarazi dutenez, “Urkullu Gobernua mugitzeko prest egon ezean, kontrako botoa emango dugu eta ez da aurrekonturik izango”.

@ehbildu_legebil