Josu Estarronak gogora ekarri du Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Aldundiaren abokatuek sare klientelarrak egon badaudela berretsi dutela, baina, kritikatu duenez, instituzioek epelkeriaz jokatu dute praktika ustelen aurka.

EH Bilduren iritziz, De Miguel auzian akusazioak egunotan aurkezten ari diren behin betiko ondorio eta zigor eskaerek agerian utzi dute instituzioetan ez dela benetako borondaterik egon ustelkeriari aurre egiteko eta eremu batzuetan ohikoak bilakatu diren praktika ustelak desagerrarazteko. Legebiltzarrak ustelkeria eztabaidagai izan duela baliatuz, Josu Estarronak gogora ekarri du De Miguel auzian Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren abokatuek defendatu duten tesia, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sare klientelarrak egon badaudela aitortu eta diru publikoa bidegabeki, interes publikoa eta orokorraren aurka, erabiltzea egotzi baitiete orduan Eusko Alderdi Jeltzalean ardurak zituzten hainbat kideri. “Diru, esleipen eta kontratu gehien sinatzen diren instituzio horietan gobernu ardurak dituzten alderdiak, EAJ eta PSE, aitortzen ari dira hemen sare klientelarrak operatzen ari direla”.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi duenez, De Miguel auzia partikular baten salaketaren ondorioa izan da, ez Administrazio edo instituzioen ikuskaritza lanaren ondorioa, eta horrek, salatu duenez, argi uzten du EAJk eta PSEk gobernatzen dituzten instituzioetan “ez dela inoiz egon eta gaur ere ez dagoela praktika ustel hauekin amaitzeko borondate politiko nahikorik, jarrera irmorik”.

Higiene demokratikoaren beharra bistakoa delakoan, Estarronak ustelkeriaren aurkako EH Bilduren konpromisoa berretsi du. “Jarraituko dugu neurriak eta baliabideak jasotzen dituzten proposamenak egiten, erregenerazio demokratiko baten alde, hala nola, ustelkeriaren aurkako fiskaltza sortzea eta jardun egokien aldeko eta ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzea.

@ehbildu_legebil