Parlamentuak Konstituzio espainolak Euskal Herrian duen legitimazio falta azpimarratu du. Balizko erreforma konstituzional batek autodeterminazio eskubidea jaso beharko du, ohartarazi duenez.

EH Bilduk bultzatuta, Legebiltzarrak Konstituzio espainolaren oinarri antidemokratikoa salatu du gaur, Espainiako batasuna inposatu egiten duelako, eta Euskal Herriak duen erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du, balizko erreforma konstituzional batek jaso beharko lukeena, erantsi duenez. Pello Urizarrek azaldu duenez, “40 urteren ostean inposizioan oinarritutako marko bat dugu, non herrien borondateari muzin egin zaion behin eta berriz; derrigortutako elkarbizitzaren aukera baino ez dugu izan”. Hori horrela, datorren abenduaren 6an Parlamentuak ez du parte hartuko Konstituzioaren 40. urteurreneko ospakizunetan.

Legebiltzarrak onartutako adierazpenak, EH Bildu eta EAJren artean adostuak, gogora dakar Konstituzioa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritargoaren babesik gabe jaio zela eta legitimazio falta hura gaurdaino dirauela. “Hiru pertsonetatik bik errefusatu egin zuten inposatutako marko berri hura”, gogorarazi du Urizarrek.

Adostutako erdibidekoak dioenez, Euskal Herriaren eskubide historikoen eguneratzeko interpretazio juridiko-politikoak ahalbidetzen du euskaldunon eskubidea eta gaitasuna aitortzea beren borondate kolektiboa erabakitzeko, adierazteko eta gauzatzeko, bizikidetza formula boluntarioak lortzeko eta konpromisoak errespetatuko direla bermatzeko mekanismoak ezartzeko.

@ehbildu_legebil