Leire Pinedok esan du eskumenek eta marko ekonomikoak aukera ematen dutela pentsioak gehiago eta hobeto osatzeko eta emakume zein gazteen lan baldintzak hobetzeko, EH Bilduk aurrekontuak onartzea ahalbidetzeko eskatu bezala. “Ez dago aitzakiarik, borondate politikoa soilik behar da”.

Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuen proiektua norabide okerrean doa eta gabezia handiak ditu, berretsi du EH Bilduk gaur Legebiltzarrean. Hortaz, “hauek ezin dira gure aurrekontuak izan”. Hala eta guztiz ere, irakurketa oso kritikoa izan arren, Leire Pinedok berriz azaldu du koalizioa prest legokeela bi abstentzio emateko eta, hala, aurrekontuak onartzea ahalbidetzeko, baldin eta Lakuak pentsiodunen, emakumeen eta gazteen bizi-baldintzak modu esanguratsuan hobetzen baditu. “Determinazio osoa dugu aurrekontuek herritarren beharrei erantzuteko behar den akuilua izateko, EH Bildun argi dugulako egon behar den tokian egongo garela herri honetako gizon-emakumeak hobeto bizi daitezen”.

EH Bilduko legebiltzarkideak EAJ-PSE Gobernuari leporatu dio austeritate politikak zorrotz aplikatzea –“erregea baino erregetiarragoak zarete”– eta, horren ondorioz, diru gehiago edukitzeari uko egitea, hain justu “porrot egin duen eredu bat, krisiak erakutsi duenez”. Hala, Jaurlaritzaren aurrekontuak iazkoak baino 371 milioi euro gehiago ditu bakarrik, nahiz eta diru-bilketaren igoera 632 milioikoa izan den eta zorra kitatzera bideratutako diru-kopurua jaitsi den. Gainera, kritikatu du Pinedok, uko egiten zaio zorpetzearen bidez diru-sarrerak handitzeari, horretarako marjina legal eta ekonomikoa soberan egon arren. “Diru-bilketak gora egin du, baina Jaurlaritzak ezerezean utzi du horren efektu hedakorra, zorpetze berriaren bidez lortutako diru-sarrerak nabarmen murriztu dituelako; hori dela eta, zorpetzearen 100 eurotik 13 euro bakarrik bideratzen ditu inbertsio politikak finantzatzeko”. Horri jarraituz, EH Bilduko legebiltzarkideak “Madrilek inposatutako mugak aitzakia bezala erabiltzea eta muturreraino eramatea” egotzi dio Ogasun sailburuari, 2017an bete ez zuen gastu araua argudiatzen baitu orain oposizioaren eskariak baztertzeko.

Nahiezak eta kontserbadurismoak ezaugarritzen duten Urkullu Gobernuaren aurrekontu politikaren aurrean, Leire Pinedok “politika publiko ausarten beharra” aldarrikatu du “gainerako eragile ekonomikoak bultzatzeko, aurrekontuen bidez eragin daitekeelako eta eragin behar delako jendearen bizitza hobetzeko, gizarte bezala aurrera egiteko, etorkizuna eraikitzeko”. Aurrekontuak onartzea ahalbidetzeko EH Bilduk Jaurlaritzari egin dion proposamena norabide horretan doa hain zuzen ere, eta horren ildotik Pinedok adierazi du eskaintza horrek erantzuten diela “azken urtean euskal gizarteak kaleetan hainbatetan egindako aldarrikapenei” eta “egingarria dela egungo marko politiko eta ekonomikoan”. Hori dela eta, “pilota Gobernuaren teilatuan dago, borondate kontua baino ez da; ez dago aitzakiarik, ez ekonomikorik, ez eskumenei erreparatuz, ezezkoa emateko bizitza duin bat eskatzen ari diren pentsiodunei, soldata arrakalaren ondorioak pairatzen dituzten emakumeei eta soldata ziztrinak kobratzen dituzten gazteei”.

@ehbildu_legebil