Jone Goirizelaiak lege proposamena aurkeztu du indarkeria matxista kasuetan adingabeen babesa bermatzeko. Gasteizko Legebiltzarra lehena litzateke Estatu espainolean neurri hori onartzen, Europan jada aplikatzen den arren.

EH Bilduk lege proposamena aurkeztu du gaur Legebiltzarrean gurasoen banantze edo haustura kasuetan zaintza partekatua arautzen duen legea, 2015ekoa, aldatzeko. Zehazki, Jone Goirizelaiak sinatutako proposamenak indarkeria matxista kasuetan adingabeen babesa bermatzea du helburu; horretarako, proposatzen du beste artikulu bat txertatzea 2015eko legean: “Gurasoetakoren batek, genero biolentziagatik prozedimendu judizial bat irekita baldin badu, ondoriozko neurririk hartu edo ez, ez du izango zaintza partekaturako eskubiderik”.

EH Bilduk proposatutako lege aldaketak seme-alabak bisitatzeko eta haiekin komunikatzeko eskubidea ukatzea ere ahalbidetuko luke, betiere epaileek hala erabakiz gero: “Eskubide hau epailearen erabakiz bertan behera utzi ahalko da, gurasoak genero biolentziagatik prozedimendu judizial bat irekita baldin badu, bere baitan neurririk hartuta egon ala ez edo sententzia finkorik egon ala ez. Neurri hau hartzeko Familia Bitartekaritza Zerbitzuen mediku, psikologiko eta gizarte txostena jasoko da, elkarbizitza eta hartu beharreko neurriei dagokiena. Azken erabakia, kasu guztietan, adin txikikoen eskubideen berme eta babesa kontutan izanik hartuko da”.

Goirizelaiak adierazi duenez, neurri horiek Europako hainbat herritan aplikatzen dira jada, baina ez da gauza bera gertatzen Estatu espainolean. Hori dela eta, erantsi du, “garrantzitsua litzateke Gasteizko Legebiltzarrak arlo horretan dituen eskumenak baliatzea eta lehena izatea Estatuan neurri horiek onartzen, indarkeria matxista kasuetan adingabeen babesa bermatuko lukeelako”.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du 2015eko legea aldatzeko proposamena bat datorrela nazioarteko estandarren irizpideekin. Izan ere, “nazioartean hedaturik dagoen irizpidea oso argia da: familiaren testuinguruan gertatzen den indarkeria matxistaren aurrean ez dute balio erantzun isolatuek; erantzunak orokorra eta integrala izan behar du eta testuinguru horretan gerta daitezkeen egoera guztiei heldu behar die”. Horri jarraituz, Istanbulgo Protokoloak ere argi xedatzen du “egoera horretan emakumea ez ezik, adingabeak ere bereziki babestu behar direla, horrelakoetan haiek izaten direlako kaltetuenak, ondorioak eta sufrimendu gehien pairatzen dutenak”.

Horren haritik, EH Bilduren lege proposamenak gogora dakar “azken hilabeteotan ondorio oso mingarriak utzi dituzten emakume eta adin txikikoen aurkako bortxazko eraso larriak gertatu direla Euskal Herrian. Eraso hauek, gizarte kontzientzia areagotu egin dute eta egoera honetan oraindik ere garrantzitsuagoa da indarrean dagoen legediaren aldaketa. Ezin dugu inolaz ere onartu, azken aldian izan ditugun adin txikikoen aurrean jazotako emakumeen erailketa, adin txikikoen erailketa edo haurrei egin zaien jazarpen sexual edo psikologiko larriak bezalako kasurik berriz gertatzerik”.

Maddalen Iriartek gaur erroldatutako proposamenaren garrantzia azpimarratu du, eta gaineratu du 2016an “gobernu feminista bat” eratzea proposatu zuenetik EH Bildu Legebiltzarrean egiten ari den lanaren adibide ezin hobea dela. Bozeramailearen esanetan, “erakutsi dugu oposiziotik ere gobernatu daitekeela, emakumeon kontrako indarkeriaz hitz egiten badugu, gai izan garelako gobernuaren inakzioa zuzentzeko eta haren jarduna bideratzeko”. Izan ere, “gure bultzada politikoa dago arlo horretan Lakuak iragarritako hainbat neurriren jatorrian; hala, indarkeria matxistaren biktimek ofiziozko abokatu bakarra izatea ahalbidetuko duen doako laguntza juridikoari buruzko dekretua, erasotzaileen gaineko kontrola areagotzea, familia elkargune gehiago irekitzea, Bilbon indarkeria matxistaren arloko bi epaitegi sortzea… Horiek guztiak EH Bilduk proposatu eta eskatutako neurriak izan dira”.

@ehbildu_legebil