Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak penaz hartu du EAJ eta PSEren jarrera, EH Bilduk Alardea parekidearen alde aurkeztutako ebazpenaren kontra egin dutelako.

Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak Osoko Bilkuran gogoratu du aurten gertatutakoa Hondarribiako alardean: emakumezkoek bertako jaietan berdintasun baldintzetan parte hartzeko eskubideak aurrera egin beharrean, Alarde parekidearen aurkako jarrerak gotortu egin ziren. Hortaz, EH Bilduk Hondarribiako Alardeko Jaizkibel konpainiak pairatutako erasoei buruzko Legez Besteko Proposamen bat aurkeztu du gaur Legebiltzarrean. Tamalez, EAJk eta PSEk ez dute ekimena babestu. Oztopo nagusia izan da EH Bilduren ekimenean lehendakariari eskaera bat egiten zitzaiola: Irungo Alarde parekideari eta Hondarribiko Jaizkibel konpainiari harrera ofiziala egiteko eskaera, hain zuzen.

Oihana Etxebarrietak salatu ditu, “argi eta garbi, konpainia parekide honi egindako erasoak” eta adierazi du ezinbestekoa dela lehendakariak harrera ofiziala egitea “oraindik ere maila berean eztabaidatzeko eta babes berarekin aurrera egiteko baliabideak eta babes instituzionala ez duten horiei”.

Beste alde batetik, Etxebarrietak azpimarratu du EH Bilduk eskatu duela Jaurlaritzak konponbiderako prozesu parte-hartzailea eta ikerketa bat bultzatzea, eta EAJk eta PSEk neurri horiek jaso dituztela bere akordioan: “Lehen alorrean, ikuspuntu ezberdinak ditugu, eta ezin izan dugu erdibideko puntu bat topatu, baina bigarrenean, topo egin dugu, eta hori balorean jarri nahiko nuke ere. Denok argi dugu datorren ekainaren 30ean edo irailaren 8an banaketaren eta bazterketaren irudiak ez ditugula berriz ikusi nahi”.

@ehbildu_legebil