EH Bilduk Urkulluri eskatu zion ekainean patronalarekin sinatutako akordioa bertan behera uzteko. Ezinbestekoa da Jaurlaritzak sindikatuekin dituen harreman eta politikak errotik aldatzea.

EH Bilduk gogora ekarri du hasiera-hasieratik exijitu ziola Urkulluri Jaurlaritza eta Confebasken arteko elkarlanerako akordioa bertan behera uzteko eta azpimarratu du orain akordio hori paralizatzea, Lan sailburuak gaur bertan iragarri bezala, ez dela aski horrekin batera Lakuak errotik aldatzen ez baditu sindikatuekin dituen harreman eta politikak. Iker Casanovak adierazi duenez, “Jaurlaritzaren helburua ezin da izan UGT eta CCOO Elkarrizketa Sozialerako Mahaira itzultzea; Jaurlaritzak gehiengo sindikala aintzat hartu, aitortu eta errespetatu behar du, sindikatu bakoitzak duen ordezkaritza mailari erreparatuz”.

EH Bilduko legebiltzarkideak “Confebasken aliatu leiala” izateari uzteko galdegin dio Urkulluren Gobernuari, eta gogorarazi dio “sindikatuak ez daudela aldez aurretik patronalarekin hitzartutako akordioak berresteko”. Horren haritik, erantsi du, elkarrizketa sozialaren eremuan Jaurlaritzak porrot egin du Confebaskekin duen menpekotasun harremanaren ondorioz. “Horrek langileen soldatak eta, oro har, lan baldintzak gero eta okerragoak izatea dakar, eta inor ezin da horretaz harritu kontuan hartzen badugu Urkulluren Gobernua uko egiten ari zaiola bere ardurak hartzeari, enplegu politikan funtsezkoak diren elementuak patronalaren esku utzita; oiloak zaintzen azeria jartzen duzunean emaitza ezin da bestelakoa izan”.

@ehbildu_legebil