EH Bilduk zorpetze politika euskal eragile sozioekonomikoekin zehaztu eta adostu dezala eskatu dio Urkulluren Gobernuari, herri honen baldintza eta beharrei egokitzeko. “Onartezina litzateke Madrili men egitea eta Pedro Sanchezek iragarritako igoera, %0,3raino, besterik gabe ontzat ematea”.

Jaurlaritzak bere eskuduntza guztiak erabili behar ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zorpetze politika propioa aplikatzeko, hemengo baldintza eta behar ekonomikoen araberakoa, eta, beraz, ezin du automatikoki onartu Pedro Sanchez presidente espainolaren proposamena, defizit muga %0,1etik %0,3ra igotzea, alegia. Leire Pinedok azpimarratu duenez, “gure errealitate ekonomikoa ez da espainola, abiapuntu hobea dugu eta gure defizit mugak gure baldintzen araberakoa izan behar du, ez Espainiak duen egoeraren araberakoa”.

Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak dei zehatza egin die EAJri eta Urkulluri: “zorpetze politika eztabaidatu, adostu eta erabaki dezala euskal eragile sozioekonomikoekin, guztion artean zehaztu dezagun zein den behar dugun defizit muga, gure baldintza eta behar ekonomikoen araberakoa, herri gisa ditugun erronkei ahalik eta hobekien erantzuteko balioko duena”. Eta behin hori eginda, erantsi du Pinedok, “joan dadila Jaurlaritza Madrilera, Gobernu espainolaren aurrean hemen erabakitakoa defendatzera eta horren aplikazioa negoziatzera”.

Pinedok adierazi duenez, “benetako aldebikotasuna hori da; benetako aldebikotasuna ez da Gobernu espainolak gainerako erkidego autonomikoekin aldez aurretik erabakitako defizit muga automatikoki onartzea, besterik gabe. Kezkagarriak dira, gure iritziz, Erkorekaren adierazpenak, hain justu, norabide horretan doazelako”.

@ehbildu_legebil