Jasone Agirrek instituzioen erantzunaren defizitak kritikatu ditu eta arduraz jokatu dezatela eskatu die. Premiazkoa da Bilbon aterpetxea zabaltzea eta Jaurlaritzak Migrazio eta Aniztasun Zuzendaritza sortu behar du, politika propioak diseinatzeko eta erakundeak koordinatzeko.

Azken egunotan Euskal Herrira iritsitako migratzaile eta errefuxiatuek instituzioen aldetik jaso duten arreta eskasak kezkatuta, EH Bilduk zenbait proposamen egin ditu gaur Legebiltzarrean pertsona horiei zaintza eta babes egokia eskaintzeko. Jasone Agirrek adierazi duenez, instituzioek beraiek hartu behar dute horren ardura, nahiz eta eskertzekoa izan, eta hala azpimarratu du Agirrek, herritarrek eta mugimendu sozialak emandako erantzuna, errefuxiatuak eta migratzaileak hartu eta zaindu dituztelako, azkar erantzuten jakin izan dutelako erakundeak kale egiten ari direla ikusita.

Edonola ere, EH Bilduko legebiltzarkideak instituzioen ardura nabarmendu du, eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu dio Jaurlaritzari. “Ondo deritzogu haren diskurtsoari, gure herria harrera herria izan dadin, baina hitzekin ez da nahikoa, ekintzak behar ditugu, erantzun arinak”. Horren haritik, Agirrek bat egin du gizarte eragileen eskariarekin eta premiazkotzat jo du Bilbon aterpetxe bat berehala irekitzea, “migratzaile eta errefuxiatuak kale gorrian geratu ez daitezen”. Dena den, ohartarazi du, “aterpetxe hori ez litzateke nahikoa izango, arretarako sare egoki eta iraunkorra behar dugulako Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan”. Izan ere, “hau izango da gure egunerokoa hemendik aurrera eta hemen erabaki dugu herritarrak zaintzea, bertakoak izan, kanpokoak zein bideak daudenak izan”.

Halaber, Agirrek instituzioen arteko koordinazio falta eta arin erantzuteko gaitasunik eza salatu ditu. Hori dela eta, Jaurlaritzan Migrazio eta Aniztasun Zuzendaritza proposatu du, horrek politika propio eraginkorrak diseinatzea eta erakundeak koordinatzea ahalbidetuko lukeelakoan.

@ehbildu_legebil