Oiartzungo alkateak eta EH Bilduko hautetsien ordezkaritza batek Osoko Bilkuran jarraitu dute eztabaida eta hartutako akordioa “inflexio puntu” bat dela azpimarratu dute

EH Bilduren ekimenez, merkatal gune handien zabaltzeari mugak jarri behar zaizkiola onartu du gaur Legebiltzarrak, interes orokorrean oinarriturik eta azpiegitura horiek dendari txikiei, ingurumenari eta lurralde antolakuntzari eragiten dieten kaltea kontutan hartuz.
EH Bilduk Elkarrekin Podemos eta PPrekin adostu du Legez Besteko Proposamena. Lehenengo bi puntuak,gainera, EAJ eta PSEren aldeko botoa ere jaso dute. Bertan, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio hiru hilabeteko epean aurkez dezala plan eta egutegi bat saltoki handien inguruan. Planak argi berdea ez duen bitartean, moratoria bat ezartzea ere eskatu du Legebiltzarrak, baina Gobernua sostengatzen duten alderdiek ez dute puntu hau babestu. Horregatik, EH Bilduko Legebiltzarkide Iker Casanovak bere jarrera kritikatu du, EAJk eta PSEk herrietan ahalbideratzen ari direlako merkatal gune handien hedapena (Garbera, Zaldunborda…).
Oiartzungo alkate Jexus Leonet eta EH Bilduko zinegotzi eta batzarkideen ordezkaritza batek bertan jarraitu dute Osoko Bilkurako eztabaida. Hartutako akordioa txalotu dute eta saltoki handien arriskua gertutik bizi duten herrientzat “inflexio puntu bat” dela azpimarratu dute.
Iker Casanovak azaldu duenez, gaur egun legean dauden hutsuneek merkataritza gune handiak neurrigabeki ugaritzeko aukera ematen dute, eta horri amaiera emateko neurri zuzentzaileak hartu behar dira: “Oraingo araudiak ahalbideratzen du saltoki handiak era indiskriminatuan eraikitzea, eta hortik kolatu izan dira hainbat eta hainbat proiektu. Gipuzkoan, adibidez, 200.000 metro koadro gehiago daude aurreikusita”.
Beraz, “ezinbestekoa da legeak irekitako ate hori ixtea, merkatari txikien elkarteek eskatzen duten bezala. Azken urteetan, izugarria izan da saltoki handien eztanda, eta dendari txiki asko ito ditu horrek”.
Casanovak enpleguaren argudioari ere eutsi dio: “Merkatal gune handiek lanpostuak sortu baino gehiago suntsitzen ditu, eta sortzen duten enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna ere ezbaian dago”.

@ehbildu_legebil