Rebeka Uberak mozioa erroldatu du gaur, hilaren 21ean eztabaidatzeko. “Ezinbestekoa da irregulartasunak argitu arte azterketak etetea eta Osakidetzako oposizioetan urteetan erabilitako eredua aldatzea, eredua bera aldatu ezean, denak berdin jarraituko duelako”.

EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Osasun sailburuari Legebiltzarrean, Osakidetzako oposizioetan atzemandako irregulartasunak direla eta. Erantzunak ez du ia ezer argitu eta, hortaz, Rebeka Uberak mozioa erroldatu du gaur bertan, hilaren 21eko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Bertan eskari argiak egingo ditu: bat, ustezko irregulartasunak ikertu eta argitzea; bi, susmopean dauden espezialitate guztietako azterketak behin-behinean geldiaraztea; hiru, emaitzen zerrendak publikoak izatea eta, lau, Legebiltzarrean ponentzia eratzea Osakidetzako lan eskaintza publikoen eredua, kontratazio politika eta zerrenden kudeaketa aztertu eta aldatzeko.

Uberak kontuak eskatu dizkio sailburuari, ea zergatik inork ez dituen neurriak hartu urteetan ohikoak izan omen diren praktika irregularrak bertan behera uzteko, orain azalerazten ari diren irregulartasunak ‘vox populi’ zirelako, antza, Osakidetzan. Une honetan, azpimarratu du Uberak, “ez dago bermerik espezialitate guztietan garbitasuna ziurtatzeko” eta, hori horrela, Osasun Sailak prozesua eten behar du susmopean dauden 13 arloetan. Osasun Sailak planteatzen duenaren kontra, “ez da nahikoa lan eskaintza geldiaraztea lau arlotan bakarrik”.

Horri jarraituz, EH Bilduko legebiltzarkideak funtsezkotzat jo du “Osakidetzako lan eskaintza publikoen eredua berraztertzea eta aldatzea, eredua bera delako praktika irregularrak ahalbidetzen dituena. Sistema aldatu ezean, orain gertatu dena berriro gertatuko da, oposizioen garbitasuna ez da bermaturik egongo eta denak berdin jarraituko du”.

@ehbildu_legebil