Jone Goirizelaiak gogorarazi du Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltza zerbitzu publiko horren esleipena ikertzen ari dela, Justizia Sailak iruzur egin duen susmoak daudelako. Lehiaketa geldiarazi ez izana egotzi dio sailburuari.

EH Bilduk Justizia Konponarazlearen Zerbitzua esleitzeko lehiaketa publikoa eteteko eta barne ikerketa irekitzeko eskatu dio Lakuako Justizia Sailari. Izan ere, Jone Goirizelaiak salatu duenez, EAEko Auzitegi Nagusiko Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltza zerbitzu horren esleipena ikertzen ari da, iruzur susmoak direla eta. “Lehiaketa publikoa telegidaturik zegoen susmoak daude, enpresa zehatz batek puntuaziorik altuena lor zezan”.

Goirizelaiak kontuak eskatu dizkio horregatik Justizia sailburuari gaur Legebiltzarrean, baina erantzuna penagarria izan da, mamian sartzeari uko egin diolako. EH Bilduko legebiltzarkideak ihesean ibiltzea egotzi dio, “barne ikerketa bat ireki beharrean, Justizia Sailak esleipen prozesuari segida eman diolako, buletin ofizialean argitaratzeraino, nahiz eta jakin bazekien Fiskaltza ustezko irregulartasunak ikertzen ari dela”.

Sailburuak behar bezalako azalpenak eman ez dituenez, batzordean agertu beharko du berriz, Goirizelaiak eskatuta, ustez gertatu diren irregulartasunak argitzeko. Kasua oso larria da “zantzu guztien arabera, entxufismo, klientelismo eta iruzur kasu baten aurrean egon gaitezkeelako, administrazio publikoen aurkako delitu baten aurrean”.

@ehbildu_legebil