Legebiltzarrak EH Bilduren proposamenak onartu eta iraupen luzeko langabetuentzako talka plana eta etxeko langileen lan baldintzak eta eskubideak bermatzeko neurriak galdegin dizkio Jaurlaritzari.

Jaurlaritzaren enplegu politikaren gabeziak eta eraginkortasun falta ikusirik, EH Bilduk Urkulluren Gobernuaren planteamenduak osatzeko eta bideratzeko neurriak ekarri ditu gaur berriz ere Legebiltzarrera. Aurrekoetan Jaurlaritzaren enplegu estrategia orokorrari eta gazteriaren egoerari erreparatu genien eta Osoko Bilkurak ontzat eman zituen gure ekimenak, eta gaurkoan iraupen luzeko langabetu eta etxeko langileengan jarri dugu fokua.

Hala, Parlamentuak EH Bilduren proposamena onartu eta Lakuari eskatu dio Enplegu Plan Estrategikoa osatu eta bertan txertatu ditzala “iraupen luzeko langabetuak egoki artatzeko talka-tresnatzat baliagarriak diren neurri berezituak”. Besteak beste, galdegin dio langabetu horiei Lanbideren bitartez banan-banako arreta bermatzeko eta kontratazio publikoetan haien aldeko klausula sozialak txertatzea aztertzeko.

Nerea Kortajarenak “datu makroekonomikoen atzean ezkutatzen den iraupen luzeko langabetuen errealitate gordinaz” ohartarazi du, eta ezinbestekotzat jo du errealitate horri premiaz eta eraginkortasunez heltzea, “pertsona horiek krisiaren galtzaile nagusiak izan ez daitezen”. Izan ere, “langabetuen %60k urtebete baino gehiago darama lan bila, eta horren erdiak, bi urte baino gehiago. Hemen langabeziak ezaugarri bereziak ditu: oso iraupen luzekoa da eta 45 urtetik gorako pertsonetan oso kontzentratua dago, gero eta pertsona zaharragoetan kontzentratzen da, eta industriak duen pisuak eta aurreratuagoa den ehun produktiboak euren kontra egiten du. Caritasek pobre berrien artean gailentzen ari den profilaz ohartarazi du: 50 urtetik gorako gizonezkoa, lan ibilbide luzea izan ondoren langabezian geratu dena”.

Etxeko langileen lan baldintzak eta eskubideak bermatzeari begira, EH Bilduren proposamenari jarraituz, Legebiltzarrak Lakuari eskatu dio Lanbidek bere gain har ditzala langile horien enplegu eta prestakuntza beharrak, lanpostu egokiak sortzeko aukerak handitzeko. Halaber, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutuari eskatu dio etxeko langileen arloko enplegu agentzien jardueraren gaineko ikuskaritza sistematiko eta iraunkorra egin dezala. Izan ere, agentzia haiei dagokienean hutsune bat dago eta ezinbestekoa da, beraz, haien gaineko kontrolak hobetzea etxeko langileei lan baldintza duinak bermatzeko, sektore horretan kontratatzaileen abusuak ohikoak direlako. Horri jarraituz, Oihana Etxebarrietak gogora ekarri du etxeko lanen arloa emakumezkoen arloa dela ia %100ean, eta lan horren balio soziala aitortu beharra azpimarratu du. “Benetako zor soziala emakumeekin daukagu, historikoki pertsonen dependentzia eta zaintza beharrei erantzuteagatik”.

@ehbildu_legebil