EH Bildu Jaurlaritzarekin negoziatzeko prest agertu da, beti ere, sistema hobetzeko eta zabaltzeko helburuarekin, murrizketak alde batera utziz.

EH Bilduk Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta berritzeko proposamen bat iragarri du gaur, Maddalen Iriarte bozeramaileak eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideak Bilbon egindako agerraldi batean. Koalizioak, DSBEk pobrezian eta desberdintasun sozialen gutxitzean izan duen eragin positiboa azpimarratu du, baina ohartarazi du horretarako mugak gero eta nabarmenagoak direla. “Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak ez du gehiagorako ematen. Horregatik, legearen erreformarako ordua iritsi dela uste dugu”, adierazi du Iriartek. Bozeramaileak gogoratu du borroka soziala eta ekimen politikoa eraginda sortu zela gaur egungo legea, beraz, ildo beretik heldu behar zaio Lege erreformari ere. Horretarako, Legebiltzarrean, azken hilabeteetan, hainbat eragileren iritzi desberdinak jaso dira. “Argi geratu da kontsentsu sozial zabala dagoela erreformaren oinarriak ezartzerako orduan. Bat egiten dugu kontzentzu sozial zabal horrekin, eta orain, kontsentsu politikoa bilatzeko garaia heldu dela uste dugu”.

Gaiaren garrantzia ikusita, Iriarteren ustez, “jarrera serio eta arduratsua adierazi behar dugula guztiok. Gure aldetik, behintzat, azpimarratu nahi dugu prest gaudela talde guztiekin hitz egiteko eta negoziazio fase bat irekitzeko, akordio zabal bat bilatze aldera”. EH Bilduk izan ditu jada lehen kontaktuak Gobernuarekin: “Jarrera eraikitzailea izan dugu eta izango dugu. Lege on bat bideratzeko prest gaude. Gure baldintza bakarra, honako hau da: Legearen erreformaren helburua babes sistema hobetzea eta zabaltzea izatea”.

Hortik abiatuta, logikoa denez, “EH Bilduk ez ditu murrizketarik onartutako, ez prestazioen kopuruetan, ez baldintzetan, ezta kolektiboetan ere”. Eskubideen perspektibatik heldu behar zaio ezinbestean erreformari eta, bide horretatik, hiru xede nagusi ezarri ditu:

  1. Egun sistematik kanpo geratzen diren pertsonak sistemara erakarri.
  2. Sistemaren eraginkortasuna handitzea.
  3. Sistema legitimatzea.

Nerea Kortajarena legebiltzarkideak kontsentsu sozial zabala izan dituzten neurriekin bat egiten duela esan du, eta horietako batzuk azpimarratu ditu:

  1. Lehenik eta behin, Legearen erreformarako oinarri bezala, 2008ko Legea berea hartu behar da. Hau da, gaur egun indarrean dauden murrizketak alboratu behar dira. Adibidez: - Kopuruetan ezarritako %7ko murrizketa bertan behera utzi behar da. - Lanbide arteko Gutxieneko Soldata hartu behar da erreferentzia bezala prestazioen kalkulurako. - Gutxieneko errolda 3 urteetatik urtebetera bueltatu behar da - 23 urteetatik 18 urteetara jaitsi behar da prestazioa jasotzeko adina.
  2. Elkarbizitza unitateak ezin dira mugatu. Ezin daiteke onartu elkarbizitza eredu batzuk zigortzea, horrek kalte handia ekarriko luke pentsiodunak, desgaitasuna duten pertsonak edo indarkeria matxistaren biktimak bezalako kolektiboentzat.
  3. Haurtzaroaren babesara begirako aldaketa eta hobekuntzak planteatu behar ditu erreformak. Pobrezia bere kargu adintxikikoak dituzten elkarbizitza unitateetara lekualdatu da azken urtetan eta haurrengan zuzeneko eragina du. Horregatik, familia osoagarriaren izaera erregresiboa bertan behera utzi eta, adin txikiko guztientzat 120€ko osagarri bat aplikatzea proposatu du.
  4. Langile pobreen fenomenoa iritsi da gurera. Gero eta prekarioagoak diren soldatak kobratzen dituzten langile hauek DSBEri esker egiten dute aurrera kasu askotan. Ikuspegi honetatik, ezin dugu konpartitu Jaurlaritzak pizgarri horien zenbatekoa 400€tara mugatzea. Neurri hau DSBEren gastuan mugak jartzeko ikuspegitik bakarrik uler daiteke.
  5. Sistemaren legitimitatea eta kudeaketa hobetzeko neurriak hartzea ezinbestekoa da.

@ehbildu_legebil