Estatuko Administrazio Orokorreko Lan Eskaintza Publikoak Euskararen Legea urratzen duela salatu du Legebiltzarrak. Rebeka Uberaren hitzetan, “PPk argi utzi du berriz ere euskaldunok bigarren mailako herritar gisa tratatzen gaituela eta gure hizkuntza eskubideak bost axola zaizkiola”.

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak Gobernu espainolari eskatu dio gaur Estatuko Administrazio Orokorreko Lan Eskaintza Publikoa zuzendu dezala euskara txertatzeko, hizkuntza ofizialen ezagutza meritu gisa aitortuta hala behar duten lanpostuetan eta maila profesional bakoitzerako haztapenak ezarrita. EAJk eta PSEk bat egin dute EH Bilduren eskaerarekin, PP kontra agertu da eta Podemosek abstentziora jo du.

Rebeka Uberak salatu duenez, Madrilek egindako lan deialdiak 340 plaza esleituko ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina euskararen ezagutza aintzat hartu gabe, horrek Euskararen Legea urratzen duen arren. Hala salatu du gaur Legebiltzarrak, EH Bilduren proposamen baten ondorioz, eta azpimarratu du botere publiko guztiek, Gobernu espainolak barne, euskara erabiltzeko eskubidea bermatu behar dietela herritarrei Administrazioarekiko harremanetan, EAEn euskara ere hizkuntza ofiziala delako.

Uberak herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu beharra aldarrikatu du eta ezinbestekotzat jo du Madrilek lan eskaintza publikoa zuzentzea legedia bete dezan, euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatze aldera. Salatu duenez, “Gobernu espainolak berriro erakutsi du legediaren gainetik pasatzeko gai dela, herritarren hizkuntza eskubideak bost axola zaizkiola eta berarentzat herritar guztiok ez ditugula eskubide berberak, euskaldunok bigarren mailakoak bagina bezala tratatzen gaituelako”.

@ehbildu_legebil