Uko egin diote Estatutua betetzeko Legebiltzarrak Madrili eman dion ultimatuma babesteari, eta frogatu dute estatus berria ezin dela haien menpe utzi, duela 39 urte itundutakoa ere ez dutelako errespetatzen.

EH Bilduk aintzat hartu du eta garrantzitsutzat jo du Legebiltzarrak gaur goizean Gobernu espainolari eman dion ultimatuma, sei hilabeteko epean Gernikako Estatutua guztiz betetzeko egutegia aurkez dezan, 1979az geroztik eskualdatu gabe dauden transferentzia guztiak behingoz gauzatzeko. Izan ere, Larraitz Ugartek nabarmendu duenez, Estatutua osorik betetzea ezinbesteko baldintza da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako estatus politiko berriari buruzko eztabaidari heltzeko. “Lege organiko hori betetzeak bermea izan beharko luke, zeren eta, bestela, zein nolako bermeak ditugu herri honetan estatus berri bat erditu nahian ari garenean aurrekoa ere ez bada betetzen ari? Hori da argitu behar dena, eta Gobernu espainola erretratatu beharko da eta herri honi azaldu beharko dio ez duela borondate politikorik duela 39 urteko itun politikoa errespetatzeko”.

Horren haritik, EH Bilduk argi du PSEk eta PPk, gaurko ultimatuma babesteari uko eginda, agerian utzi dutela berriz ere haiek direla, eta ez erabakitzeko eskubidea, estatus berria adosteko eta onartzeko oztopo nagusia; ez direla kapazak 1979ko Estatutua osorik betetzeko konpromiso sendorik hartzeko ere, eta, ondorioz, akats politiko larria litzatekeela estatus berriaren onarpena haien esku, haien menpe uztea, haiek, PSEk zein PPk, inposatu nahi dizkioten mugak ontzat emanda.

@ehbildu_legebil