Legebiltzarrak ikerketa batzordea eratu du gaur eta EH Bilduko legebiltzarkidea da presidentea. Jaurlaritzak auzian izan ditzakeen ardura politikoak garbitu beharra azpimarratu du Ugartek.

Legebiltzarrak ofizialki eratu du gaur eskola jantokien zerbitzuaren esleipenetan izandako iruzurra ikertuko duen batzordea eta, oposizioko talde parlamentarioek hala adostuta, Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkidea arduratuko da, presidente gisa, batzordearen lanak antolatzeaz eta zuzentzeaz.

Ugartek positibotzat jo du batzordea bera eratu izana, aukera emango duelako epaitegietan egiaztatu den iruzurrean “ardura politikoak dauden ala ez ikertzeko eta ikerketa hori azken bururaino eramateko”. Legebiltzarkideak gogora ekarri du EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzitakoaren arabera “argi dagoela iruzur bat egon zela eskola jantokien aferan eta posiblea ote dela horretan Lakuako gobernu ezberdinek akzioz edo inakzioz ardura izatea”. Hortaz, azaldu du, ikerketa batzordeari dagokio orain auzi horretan Jaurlaritzak ardura politikoa duen argitzea. Lan horretan Ugartek erabateko konpromisoa adierazi du gardentasunarekiko: “azken bururaino eramango dugu ikerketa, ez dugu utziko bere horretan usteltzen, denboretan luzatzen eta, nolabait, edukiez husten; azken bururaino eramateko konpromisoa dugu gertatzen dena gertatzen dela eta ezarri behar diren ardurak ezarri behar direla”.

Azkenik, EH Bilduko legebiltzarkideak deitoratu du ikerketa batzordea oposizioak berak sortu behar izan zuela, EAJ eta PSE ados ez zeudelako. “Pena da gobernuko alderdiek batzordea bultzatu ez izana, hobe izango zelako talde guztiok ados egon izana eta aho batez onartu izana, herritarrekin guztiok jokatu behar dugulako gardentasunez eta zintzotasunez bai Legebiltzarrean, bai Jaurlaritzan”.

@ehbildu_legebil

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Gaur Gasteizen erail dituzten bi emakumeak ditugu gogoan; haietako baten bikotekide ohiak hil ditu. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.