EH Bilduk aurkeztutako 46 neurrietatik 26 onartu dira Familia Politikei buruzko eztabaida monografikoan. Nerea Kortajarenak azpimarratu duenez, “gaur geneukan helburua bete dugu, Urkulluk aurkeztutako Familia Itun sinplista berbideratzea lortu dugulako hein batean behintzat”.

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak Osoko Bilkura egin du gaur familia politikari buruzko eztabaida monografikoa egiteko. Nerea Kortajarena legebiltzarkideak azaldu duenez, Jaurlaritza ezer gutxi egiten ari da arlo honetan, eta Urkullu lehendakariak urtarrilean aurkeztutako Familia eta Haurtzaroaren aldeko euskal itunak argi erakusten du noraezean dabilela, herri honetako erronkei aurre egiteko proposamen sinplistak eginez eta miopia estrategiko larriarekin. Horregatik, EH Bilduk 46 proposamen aurkeztu ditu, perspektiba integral eta feminista batetik abiatuta, paradigma aldaketa batera iristeko helburuarekin.

EH Bilduk aurkeztutako 46 proposamenetik, 24 aurrera atera dira. “Horrela, Gobernuaren Familia Itunak zuen epe motzera begirako ikuspegia berbideratzea lortu dugu. Hori zen gaur geneukan helburua eta lortu dugula esan dezakegu, nahiz eta haratago joan gintezkeen Jaurlaritza ausartagoa izan balitz”.

Onartu diren neurrien artean, Nerea Kortajarenak azpimarratu du garrantzi handiko aurrera pausua eman dela haurreskolen doakotasunaren bidean. Zehazki, onartu dena honako hau da: “Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio Haurreskolak Partzuergoan doakotasunaren bidean lehen urrats gisa eta progresibotasunean sakontzeko, 18.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familientzat doakoa izan dadila horietarako sarbidea”. Azkenik, EAJk eta PSEk onartu dute EH Bilduk hamaika aldiz ekarri eta haiek hamaika aldiz ukatu duten proposamen hau.

Horretaz gain, azpimarragarriak diren beste neurriak ere onartu dira, adibidez, kalitatezko enplegua eta soldata igoerak eskatzeko proposamenak; sei hilabeteko epean kontziliazio eta erantzukidetasun politikak zehaztuko dituen plana edo mugimendu feministarekin elkarlanerako espazio eraginkorrak sortzea.

Nerea Kortajarena pozik agertu da urrats handiak eman direlako, baina nabarmendu du, tamalez, aukera galdu dela paradigma aldaketa oso bat lortzeko. Adibidez, baztertu egin dira haur pobreziari aurre egiteko proposamenak, haur bakoitzeko 1.500 euro urteko diru-sarrerak bermatzea, besteak beste.

EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, “Gobernuak demostratu du ez dela kapaza herri honek duen erronkari aurre egiteko eta txistera populistatik, eraginkorretik baino, neurri sorta bat atera nahi izan duela Familia Itunarekin. Jaiotze tasa baino kezkagarriagoa da, zentzu honetan, egun guraso izan nahi dutenek ezin izatea. Gobernuak famili politikak sistema baten eta lan merkatuen beharrei erantzuteko planteatzen ari denaren zantzuak gero eta nabariagoak dira, eta guk familiak babesteko politikak beste era batean ulertzen ditugu. Bizitza duinak eta bizigarriak ekarriko dituzten politikak eragite bidean kokatzen ditu Euskal Herria Bilduk euskal Familiak laguntzeko ekimenak”.

@ehbildu_legebil