EH Bilduk Jaurlaritzari eskatu dio haren eskumenak baliatzeko lau urtetan 1.080 euroko pentsioak bermatzeko. Etzi proposamen zehatza egingo du eta EAJ-PSEren babesa espero du. “Ez genuke ulertuko kalean pentsiodunekin bat egitea eta gero instituzioetan euren aldarrikapenak egikaritzeko neurriak ez hartzea”.

EH Bilduk eredugarri eta historikotzat jo ditu pentsiodunen mobilizazioak, eta azpimarratu du, euskal pentsio sistema propioa sortu bitartean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako instituzioak “behartuta daudela une honetan dituzten eskuduntzekin pentsiodunen erreskatera ateratzera”, Nerea Kortajarenak adierazi duenez. Egungo pentsio sistemaren erantzule nagusia Gobernu espainola bada ere, “ezin dugu Madrilen zain jarraitu, hemen eta orain neurriak hartu ahal eta behar ditugu pentsio duinak bermatzeko”, Jaurlaritzaren eskumenak baliatuta.

Horri jarraituz, EH Bilduk proposamen zehatza eramango du etzi Legebiltzarreko Osoko Bilkurara, lau urteko epean Jaurlaritzak 1.080 euroko pentsioak berma ditzan sistema osagarri baten bidez. Izan ere, EAEko 192.000 pentsiodunek 700 euro baino gutxiago kobratzen dute; “egoera muturrekoa da, bistan da, eta ezinbestekoa da larritasuna arintzeko neurriak hartzea”.

EH Bilduk EAJ eta PSEren babesa jasotzea eta bere proposamena, beraz, aurrera ateratzea espero du, Maddalen Iriartek azaldu duenez. “Ez dugu beste eszenatoki bat aurreikusten azken egunotan bai EAJ, bai PSE pentsiodunen aldarrikapenen alde agertu direlako; ez genuke ulertuko kalean pentsiodunekin bat egitea eta gero instituzioetan aldarrikapen horiek egikaritzeko neurriak ez hartzea”.

@ehbildu_legebil