EH Bilduk EAJri gogorarazi dio Lakuak ez duela zertan itxaron ea arazoa Madrilen konpontzen duten. Proposamen zehatzak egin ditu Jaurlaritzak pentsio txikiak osatzeko dituen eskuduntzak baliatu ditzan. Urkullu ezin da Rajoyren atzean ezkutatu, bere erantzukizunari heldu behar dio.

EH Bilduk dei zuzena egin dio gaur EAJri: Jaurlaritzak bere eskumenak erabili behar ditu, eskura dituen bide guztiak baliatu behar ditu pentsio txikiak osatzeko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan pentsio duinak bermatzeko. Pentsioen aferan erantzukizun nagusia Gobernu espainolari dagokion arren, “Urkulluren Gobernua ezin da besoak gurutzatuta geratu, beste ezer egiterik izango ez balu bezala, bere esku dagoelako pentsiodunei gutxieneko diru-sarrerak bermatzea”. Leire Pinedok adierazi duenez, “Urkullu ezin da Rajoyren atzean ezkutatu, bere erantzukizunari heldu behar dio, baina ez gara hori ikusten ari, kalean milaka eta milaka pentsiodun protestan ari diren honetan Rajoy gor dagoelako eta Urkulluk gorrarena egiten ari delako”.

EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du “Jaurlaritzak ez duela zertan itxaron ea arazoa Madrilen konpontzen duten, berak ere eskuduntzak dituelako” eta, hortaz, pentsio duinak bermatzeko moduan dagoelako. Eta euskal pentsio sistema propioa sortzea ezinbestekoa izanda ere, EAJ-PSE gobernuak ez du ordura arte itxaron behar pentsioak duintzeko. “Hori lortu bitartean Jaurlaritzak neurriak har ditzake gutxieneko pentsioak gaur bermatzeko, sistema propioa eduki arte itxaron behar izan gabe ; ongi dago EAJk Madrilen neurriak eskatzea, baina ez dezala ahaztu neurri horietako batzuk hemen eta orain posible direla, EAJk nahi badu”.

Norabide horretan, EH Bilduk proposamen zehatzak egin dizkio Lakuari, pentsio duinak bermatzea helburu. Lehena, Kontsumo Prezio Indizearen igoera bermatu dezala pentsio guztietan, Gobernu espainolak planteatu duen igoera (%0,25) iraingarria delako. Bigarrena, pentsio txikiak osatu ditzala eta urratsak ematen has dadila lau urteko epean 1.080 euroko pentsioak bermatzeko osagarri baten bidez. Pinedoren esanetan, “arazoa arintzeko aukera edukita, onartezina eta arduragabea litzateke Jaurlaritzak aukera horri uko egitea; oso larria litzateke EAJk pentsio txikiak kobratzen dituztenei esatea agoantatzen jarraitu behar dutela, ea egunen batean Madrilen pentsioa igotzen dieten”.

@ehbildu_legebil