EH Bilduk tamalgarritzat jo du EAJk euskara sustatzeko neurri zehatzak hartzeko erakusten duen ezintasuna. Euskarazko hedabideak babesteko proposamenari ere ezezkoa eman diote jeltzaleek.

Legebiltzarrak Euskararen Agenda Estrategikoa eztabaidagai izan du gaur eta, tamalez, EAJk agerian utzi du berriz ere borondatea falta zaiola euskara sustatzeko neurri zehatzak hartzeko. Rebeka Uberaren iritziz, “Jaurlaritzak ezin du esan gaurkoan ekarri digun Euskararen Agenda estrategikoa denik, ez dielako herri honek hizkuntza arloan dituen beharrei erantzuten, EAJ-PSE gobernuaren interes politikoari baizik”.

Talde parlamentarioen proposamenen botazioa horren isla izan da. EH Bilduk proposatu du euskara ikasketak doakoak izan daitezela gutxienez B2 maila lortu bitartean, eta Lakuak hala berma dezala. Podemos ere ados agertu da, baina EAJk, ordea, PP eta PSErekin bat egin du, ekimenaren aurka, eta atzera bota dute. Berdin egin dute Uberak euskarazko komunikabideak babestu beharra aldarrikatu duenean.

Euskararen etorkizuna bermatzeko hedabideek berebiziko garrantzia dutela jakinik, EH Bilduko legebiltzarkideak eskatu du Jaurlaritzak sektore hori babesteko eta harekin finantziazio eredu iraunkorra adosteko, berrikuntza erronkei aurre egin ahal izan diezaien. EAJ, PP eta PSEk, hala ere, bertan behera utzi dute proposamena.

Akordioa egon da, aldiz, hezkuntza arloan Jaurlaritzari galdegiteko urratsak eman ditzala ikasle guztiek gutxienik B2 euskara maila izan dezaten DBH amaitzen dutenean. Horren ildotik, Uberak ohartarazi du horrek aldaketak eskatzen dituela: hizkuntza ereduen sistema gainditzea eta murgiltze eredua ezartzea.

@ehbildu_legebil