EH Bilduk adostasun zabala lortu du eta Jaurlaritzak araudia egingo du energia ekoizpen berriztagarriari eta autokontsumo partekatuari segurtasun juridikoa emateko.

EH Bilduren legez besteko proposamen bati jarraituz, Legebiltzarrak atea irekiko dio bihar autokontsumo elektriko partekatuaren aukerari, Auzitegi Konstituzionalak Gobernu espainolak jarritako zenbait oztopo bertan behera utzi dituela baliatuta. Koalizioak erdibideko zuzenketa sinatu du jada EAJ eta PSErekin eta Podemosek ere horren alde egingo du. Mikel Oterok akordioaren garrantzia azpimarratu du, “orain arte ezinezkoa izan den autokontsumo elektriko partekatua ahalbidetuko duelako, auzokideen komunitateetan, adibidez”. EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “adostu dugunaren arabera, Jaurlaritzak araudia aurkeztu beharko du urtea amaitu aurretik energia ekoizpen berriztagarriari eta sare inteligente bidez banaturiko autokontsumo konpartituari segurtasun juridikoa emateko”.

Legebiltzarrak, halaber, Gobernu espainolari eskatuko dio Sektore Elektrikoari buruzko Legea aldatu dezala energia elektrikoa autokontsumitzeko eskubidea aitortzeko inolako kargurik gabe. Izan ere, unean kontsumitutako energiak edo baterietan gorde eta gero kontsumitutakoak ez ditu sistema elektrikoaren gastuak ordaindu behar, sare elektrikoaren erabilerarik egiten ez baitu.

Lege aldaketa horrek autokontsumo instalazioak partekatzeko aukera eman behar die kontsumitzaileei, hori ezinbestekoa delako etxeko hiri-eremuan autokontsumoa garatu ahal izateko. Azkenik, Legebiltzarrak Madrili galdegingo dio sare elektrikoan energiarik sartzen ez duten autokontsumo instalazioak legalizatzeko oztopoak kentzeko, ez baitute sare elektrikoa erabiliko.

@ehbildu_legebil