“Enpresek berdintasunaren bidean urratsak ematea sustatu nahi dugu horren bidez”, azaldu du Oihana Etxebarrietak. Proposamenak egin ditu gurasotasun baimen parekoak sektore pribatura hedatzeko eta industrian emakumeen presentzia indartzeko, botereguneetan kuotak ezarrita.

Martxoaren 8ko greba feministaren bezperetan, EH Bilduk proposamen zehatzak aurkeztu ditu gaur Legebiltzarrean parekidetasunaren bidean aurrera egiteko, emakumeek egun pairatzen duten arrakala iraganeko kontua izan dadila lortzeko. Jasone Agirre eta Oihana Etxebarrietak aintzat hartu dituzte Administrazio Publikoan ematen ari diren urratsak, baina ezinbestekotzat jo dute aurrerapauso horiek sektore pribatura hedatzea.

Helburu horrekin, EH Bilduk enpresetan berdintasun ziurtagiria sortzea proposatu du. Etxebarrietak azaldu duenez, “enpresa guztiak bultzatu nahi ditugu berdintasunaren bidean urratsak ematera; ziurtagiri horrek adieraziko luke enpresa bide horretan ari dela, kontziliazio eta berdintasun planak martxan jartzen dituela, emakumeen parte-hartzea sustatzen duela… eta, bost urteko epean, ziurtagiria edukitzea ezinbesteko baldintza litzateke administrazio publikoan kontratatua izateko”.

EH Bilduren bigarren proposamenak industriari begiratzen dio, esparru horretan emakumeen presentzia indartzeko eta segregazioa gainditzeko. “Industria maskulinizatuen dagoen sektorea izanik, emakumeen parte-hartzea sustatzeko plangintza integrala egin behar dela uste dugu, besteak beste, emakumeak ikasketa tekniko eta zientifikoetara erakartzeko eta, baita ere, aztertzeko ea aukera dagoen enpresen administrazio kontseiluetan emakumeek bete beharreko derrigorrezko kuotak ezartzeko”.

Gurasotasun baimenei dagokienez, Etxebarrieta pozik agertu da Jaurlaritzak EH Bilduk proposatutako bideari jarraitu diolako, administrazio publikoan aita eta amen baimenak parekatzeko, alegia. Edonola ere, harago joan beharra aldarrikatu du; hartara, gurasotasun baimen parekoak enpresa pribatuetara hedatzea proposatu du. “Garrantzitsua da kontziliaziorako arazorik handienak egon daitezkeen eremuetan bideak irekitzea; hori dela eta, Jaurlaritzari eskatuko diogu proiektu pilotuak babestu ditzala, gurasotasun baimen parekoak bultzatzeko, berdintasunarekiko konpromisoa erakusten duten enpresetan. Lehenengo urrats bat litzateke, aurrerantzean gainerako enpresetan aplikatu ahal izateko”.

@ehbildu_legebil