EH Bilduren iritziz, ulertezina da EAJk pentsio sistema propioaren beharra ez aldarrikatzea euskal pentsiodunei bizimodu duina bermatzeko. Hamar pentsiodunetatik seik 700 euro baino gutxiago kobratzea lotsagarria da.

Legebiltzarrak eztabaidagai izan du gaur goizean pentsio sistema publiko espainola; alegia, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aplikatzen dena, bizi-baldintza duinak ukatzen dizkiena hamarnaka mila pentsiodunari. Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, EAEn hamar pentsiodunetatik seik 700 euro baino gutxiago kobratzen dute, eta horrek primeran azaltzen du zergatik milaka lagun atera diren kalera pentsio duinak exijitzeko.

Sistema espainolaren porrota erabatekoa dela ikusita, EH Bilduk euskal pentsio sistema publikoaren beharra aldarrikatu du pentsiodunei bizimodu duina ziurtatzeko eta, horri jarraituz, Gizarte Segurantzaren eskuduntzen berehalako transferentzia eskatu du, Gernikako Estatutuak hala aurreikusten duen arren, inoiz ez delako gauzatu Gobernu espainolak –orain PPk, lehen PSOEk– sistematikoki galarazi duelako beti.

Horren ildotik, EH Bilduk mozioa defendatu du Madrili eskatzeko bi hilabeteko epean lan egutegia aurkez dezala Gizarte Segurantza eskualdatzeko. Mozioak, gainera, argi adierazten zuen transferentzia horrek ez duela ekarriko aurrerantzean pentsio sistema propioa sortzeari –Legebiltzarrak hala erabakiz gero– uko egitea. Mozioak, hala ere, ez du aurrera egin EAJk PP, PSE eta Podemosekin bat egin eta kontrako boza eman duelako. Leire Pinedoren esanetan, “ikuspegi abertzale batetik zeharo ulertezina eta inkoherentea da horrela jokatzea; EAJk printzipio demokratikoaren aurka egin du, pentsio sistema propioa sortzeko herri honek duen eskubidearen aurka egin du”.

Ondorengo botazio batean, egungo pentsio sistema hobetzeko neurriak onartu ditu Legebiltzarrak. Proposamenak EH Bilduren babesa jaso du, “pentsiodun guztiekiko dugun errespetu eta konpromisoagatik”, Pinedok azaldu duenez.

@ehbildu_legebil