EH Bilduk salatu du sistema espainolak ez duela pentsiodunen bizimodu duina ahalbidetzen, eta ezinbestekotzat jo du, beraz, pentsio sistema propioa sortzea. Bitartean pentsio baxuak osatzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

EH Bilduk proposamen zehatzak egin ditu gaur Legebiltzarrean pentsio duinak bermatzeko, Gobernu espainolak indarrean dagoen sisteman hartutako neurriek muturrera eraman dutelako pentsiodunek pairatzen duten egoera. Maddalen Iriartek salatu duenez, “Espainiako pentsio sistemak ez du bizimodu duina bermatzen eta gero eta argiago dago ezinbestekoa dugula horren gaineko eskumena edukitzea eta gure pentsio sistema propioa eraikitzea, jendea erreskatatzeko”. Edonola ere, EH Bilduk argi du ezin daitekeela sistema propioa eduki arte itxaron pentsiodunek gaur dituzten beharrak asetzeko; hortaz, Iriartek Jaurlaritzari eskatu dio eskura dituen tresnak erabil ditzala pentsioak hobetzeko. “Pentsioak osatzea Jaurlaritzaren esku dago, ez du zertan itxoin sistema propioa eduki arte, Estatu burujabea izan arte, besteak beste, pentsiodunek ere ezin dutelako itxoin, egunero jan behar dute eta”.

Hori dela eta, EH Bilduk bi proposamen iragarri ditu gaur. Batetik, Leire Pinedok azaldu duenez, Legebiltzarrak Gernikako Estatutuak dioena behingoz betetzeko exijitu behar dio Gobernu espainolari, bi hilabeteko epean egitasmo eta egutegi zehatza aurkez dezan Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren transferentzia gauzatzeko, hori lehenengo urratsa izango delakoan euskal pentsio sistema lortzeko.

Bigarrenik, jakinik pentsiodunen gaurko beharrak asetzea premiazkoa dela, EH Bilduk Jaurlaritzari galdegin dio haren eskumenak baliatu ditzala pentsio baxuak hobeto osatzeko, “hemendik lau urtetara 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatu ahal izateko, bereziki emakumezkoen zaurgarritasun egoerari erreparatuz”. Nerea Kortajarenak gogora ekarri du Lakuak 16.000 pentsio osatzen dituela gaur egun Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez, baina motzegi geratzen da, kopuruak oso urrun daudelako Europako Gutun Sozialak gomendatzen dituen 1.080 euroetatik.

Norabide horretan, 1.080 euroko pentsioak gutxieneko helburua izanda, Kortajarenak Jaurlaritzari eskatu dio pentsioak KPI-Kontsumorako Prezioen Indizearen igoeraren arabera osatzeko. Izan ere, “Gobernu espainolak aplikatu duen %0,25eko igoerak, KPI kontuan hartu gabe, erosmen ahalmena nabarmen galtzea ekarri die pentsiodunei”.

@ehbildu_legebil