Leire Pinedok ezinbestekotzat jo du euskal pentsio sistema sortzea sistema espainolarekin pentsiodunak gero eta pobreagoak izango direlako.

EH Bilduk Gizarte Segurantzaren gaineko eskuduntzaren transferentzia exijitu du gaur Legebiltzarrean, hori giltza izango delako babes sistema publiko indartsua eta orekatua eraiki ahal izateko eta, besteak beste, euskal pentsio sistema sortzeko, pentsio duinak ordaintzea ahalbidetuko duena. Leire Pinedok horren inguruko azalpenak eskatu dizkio Jaurlaritzako Ogasun sailburuari, baina, tamalez, erantzuna eskasa izan da, ez baitu inolako borondaterik agertu pentsio sistema propioa sortzeko.

Pinedok gogorarazi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 192.000 lagunen pentsioak ez direla gutxieneko soldatara iristen, eta ohartarazi du egoerak okerrera egingo duela datozen urteotan Gobernu espainolaren erreformen ondorioz. Hori horrela, EH Bilduko legebiltzarkideak ezinbestekotzat jo du euskal pentsio sistema sortzeko urratsak ematen hastea, sistema espainolak ez dituelako bizi baldintza duinak bermatzen eta pentsiodunak pobrezian bizitzera kondenatzen dituelako. “Pentsio publiko duinak, bizimodu duina, bermatzen dituen sistema berria, propioa, behar dugu, eta hori ez da posible izango sistema espainolaren baitan jarraituz gero”.

@ehbildu_legebil