Familia politikak indartu beharra azpimarratu du EH Bilduk, eta horren ildotik beharrezkotzat jo du haurreskola publikoak doakoak izan daitezela 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat.

EH Bilduk Haurreskolak Partzuergoan, 0-3 urteko zikloan, doakotasuna modu progresiboan ezartzen hastea galdegin du gaur arratsaldean Legebiltzarrean, eta proposatu du 2018-2019 ikasturtetik aurrera 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat zerbitzu publiko hori doakoa izatea. Koalizioaren proposamenak, hala ere, EAJ, PSE eta PPrekin egin du topo, eta ez da aurrera atera hiru talde horiek emandako ezezkoaren ondorioz.

Rebeka Uberaren iritziz, “tamalgarria da Lakuako gobernukideek familien arteko aukera berdintasuna eta kohesio soziala sustatzea helburu duen horrelako proposamen bati ezezkoa ematea eta haurreskola publikoei eman behar zaien izaera estrategikoa indartzeko aukera hau alferrik galtzea”. EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “familia politikak indartzeak, besteak beste, hezkuntza zerbitzu publikoak indartzea exijitzen du, ganoraz, ikuspegi global batekin, familiei arlo guztietan erraztasunak eta baliabideak eskainiz; hori da hain justu gaur planteatu duguna haurreskolen doakotasunari buruzko proposamenaren bitartez, baina bistan dago Jaurlaritzak marketing politikak nahiago dituela, seme-alabak edukitzeagatik txeke batzuk banatzearekin dena eginda balego bezala”.

@ehbildu_legebil