Legebiltzarrak Rebeka Uberaren proposamena eztabaidatuko du bihar, haur eskolen sare publikoan doakotasuna orokortzeko lehenengo urrats gisa.

EH Bilduk Haurreskolak Partzuergoan, 0-3 urteko zikloan, doakotasuna modu progresiboan ezartzeko eta orokortzeko lehenengo urratsa ematea defendatuko du bihar Legebiltzarrean. Zehazki, Rebeka Uberak aurkeztu duen legez besteko proposamenaren arabera, “2018-2019 ikasturtetik aurrera 18.000 eurotik beherako errenta duten familiek ez lukete ordaindu beharko, haientzat zerbitzua doakoa bailitzateke”. Uberak berak azaldu duenez, “0-3 urteko ziklo osoa doakoa izan dadila nahi dugu, Lehen edo Bigarren Hezkuntza bezalaxe, eta gure proposamena norabide horretan doa”.

EH Bilduko legebiltzarkideak behar-beharrezkotzat jo du Haurreskolak Partzuergoak duen izaera estrategikoa aintzat hartzea eta Jaurlaritzak horren arabera jokatzea, 0-3 zikloaren aldeko apustu tinkoa eginez. “Lehendakariak familia politiken garrantzia hainbestetan aipatzen duen honetan, Jaurlaritzaren neurri bakarra ezin da izan diru-laguntza bat seme-alabak edukitzeagatik; familia politikei ikuspegi global batetik heldu behar zaie, eta horrek ezinbestean dakar, besteak beste, haurreskolei begiratzea eta doakotasunaren norabidean urratsak ematea familia guztien aukera berdintasuna bermatzeko eta emakumezkoen ahalduntzea eta emantzipazioa bultzatzeko”.

@ehbildu_legebil

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Bikotekideak etxeari su eman ostean zaurituta zegoen Iruñeko emakumea hil egin da. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du udalak eta mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.