EH Bilduk legea urratzea egotzi dio Rajoyren gobernuari, eta zabaldu berri duen lan deialdia berehala zuzentzeko exijitu dio, EAEn esleituko diren 340 plazetan euskararen ezagutza aintzat hartzea obligazioa delako.

Gobernu espainolak lan eskaintza publiko berriaren deialdia zabaldu du aste honetan, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 340 plaza esleituko dira administrazioan lan egiteko. Espainiako EAEko ordezkari Javier De Andresek iragarri zuenez, deialdian ez da euskara aintzat hartuko; hau da, Rajoyren Gobernuak indarrean dagoen legedia urratuko du. Izan ere, legez, EAEko herritar orok eskubidea du euskara erabiltzeko Administrazioarekiko harremanetan, bai eta espainolarekin ere, eta Administrazioaren ardura da lan deialdietan hizkuntza ofizialen ezagutza eskatzea. Rebeka Uberak salatu duenez, “finean, De Andresek esan zuen PPri eta Gobernu espainolari ez zaizkiela euskaldunon eskubideak axola, legedia urratzeko borondatea dutela eta, gainera, harro egiten dutela, inolako konplexurik gabe”.

Legea urratzeaz gain, Rajoyren ordezkariak iragarritako lan deialdi publikoa iraingarria da eta iseka egiten die euskaldunei; hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak salaketa formala erroldatu du, legez besteko proposamen baten bitartez, Legebiltzarrak Gobernu espainola gaitzetsi dezan, eta exijitu diezaion lan eskaintza publikoa berehala zuzentzeko eta euskara aintzat hartzeko EAEn bete beharreko plazak esleitzerakoan.

@ehbildu_legebil