EH Bilduk estrategia integral baten beharra azpimarratu du enplegu, industria eta gizarte kohesioaren alorretan, Lakuak irtenbide kosmetikoak baino ez dituelako planteatzen. Kontratazio publiko guztietan 1.200 euroko soldatak bermatzea proposatu du, besteak beste.

EH Bilduk datozen hilabeteotan Legebiltzarrean gauzatuko duen proposamen sorta iragarri du gaur, politika publikoei bultzada soziala emateko, makroekonomian igartzen diren hobekuntzek herritarren bizi kalitatean eragin dezaten benetan. Maddalen Iriartek ohartarazi duenez, arrakala eta ezberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, erronkak ere handiak dira oinarrizko esparruetan, baina Jaurlaritzak, ikuspegi estrategiko eta integrala erakutsi beharrean, “tiritatxoak eta irtenbide kosmetikoak” baino ez ditu eskaintzen arazoen aurrean, “arazo estrategikoak komunikazio arazoak balira bezala tratatzen dituelako”, Iker Casanovak gaineratu duenez. Hori dela eta, EH Bilduk egoera hori iraultzeko motorra izan nahi du eta 20 ekimen baino gehiago iragarri ditu, enplegu, industria eta kohesio sozialaren arloetan, politika publikoei bultzada soziala emateko.

Enpleguari dagokionez, Casanovak “lanpostu gehiago eta kalitatezkoak” sortu beharra azpimarratu du, eta norabide horretan proposamen zehatza egin ere bai: kontratazio publiko guztietan, azpikontratak barne, 1.200 euroko soldatak bermatzea, hain zuzen ere. Halaber, ezinbestekotzat jo du, batetik, iraupen luzeko langabeziaren aurkako talka plana abian jartzea eta, bestetik, plan estrategiko orokorra egitea lan merkatuaren aldaketa era antolatu eta orekatuan garatzeko, hemendik 2024ra bitartean, belaunaldi aldaketa dela eta, 300.000 lanpostu inguru bete beharko direlako.

Industriari buruz, EH Bilduk Ikerketa eta Garapena sustatzeko akordioa nahi du, funtsezkoa den atal horretan egiten den inbertsioa BPGren %1,84tik %3ra igotzeko. Horrekin batera, Adimen Ekonomikoaren Euskal Zentroa sortzea proposatu du joera ekonomikoak aztertzeko, arazoei aurrea hartzeko eta politika publikoak norabide egokian jartzeko.

Gizarte kohesioa da EH Bilduren proposamenek jorratutako hirugarren arlo nagusia. Nerea Kortajarenak nabarmendu du politika publikoak indartu behar direla herritarren babesa, zaintza eta garapena ziurtatzeko, eta kezkatuta agertu da, “horren ordez bi abiadurako gizartea eraikitzen ari delako”. Azaldu duenez, eskola segregazioa, desberdintasun sozialak, langile pobreak, gazteen emantzipazio arazoak edota pentsio kaskarrak eboluzio horren erakusle dira.

Hori horrela, Kortajarenak presazkotzat hartu du Gizarte Zerbitzuen Sistema sakon berraztertzea, bai eta arlo horretan lidergoa behingoz Jaurlaritzak hartzea ere, legeak hala eskatzen duelako. Bigarrenik, 1.080 euroko pentsioak bermatzea proposatu du pentsiodun guztien bizimodu duina ahalbidetzeko eta, hirugarrenik, inbertsio funts baten beharra aldarrikatu du gizarte zerbitzuetan ere ikerketan eta garapenean inbertitzeko, berrikuntza ez-teknologikoa esploratu beharreko esparrua delako jendearen ongizatea hobetzeko.

@ehbildu_legebil