EH Bilduk lehendakariari galdetzen dio “ea benetan uste duen pertsona bati 500 euro eman eta seme-alaba bat izatea erabakiko duela”. Erronka demografikoari heltzeko estrategia integrala behar da, enplegua, babes sistema, berdintasuna eta zerbitzu publikoak aintzat hartuko dituena.

EH Bilduren iritziz, Urkullu lehendakariak atzo aurkeztu zuen Familia eta Haurren Itunak, Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Eudelek sinatutakoak, segida ematen dio jada porrot egin duen estrategia bati eta, beraz, pentsatzekoa da Urkulluk, eraginkortasuna baino, populismoa eta efektismoa besterik ez dituela bilatu atzoko ekitaldiarekin.

Nerea Kortajarenak salatu duenez, zeharo zentzugabea da lehendakariak fokua jartzea familiek seme-alabak izateagatik jasotzen duten laguntza ekonomikoan, orain arte neurri horri buruz egin diren ebaluazioek argi utzi dutelako politika mota horiek ez direla eraginkorrak izan eta ez dutela esku artean dugun erronka demografikoari erantzuteko balio. “Urkulluk benetan uste du erkidego honetan pertsona bati 500 euro eman eta seme-alaba bat izatea erabakiko duela? Hala bada, benetan kezkagarria da egoera”. Halaber, lehendakariari leporatu dio haur pobreziaren aurkako neurriak iragarri izana, hori ez datorrelako bat, inondik inora, Jaurlaritzaren praktika politikoarekin, horrelako neurriak planteatzen dituen bitartean gizarte prestazioak murriztu dizkielako egoera ekonomiko txarrenean dauden familiei.

EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du populazioaren zahartzea “herri honek dituen arazo handienetariko bat” dela, baina “horren aurrean Urkulluk iragarritako neurriak kezkagarriak dira, hutsak direlako eta dagoeneko eraginkorrak ez diren elementuetan oinarritzen direlako”. Horren ildotik, azpimarratu du, “herri honek politika transbertsalak eta integralak behar ditu haurrak eta familiak babesteko, benetan arazoaren muinera joango diren politikak, hain zuzen ere. Hortaz, benetan eraginkorra den familia eta haurren babeserako estrategia eraginkorra bat nahi badugu, ezinbestekoa da kalitatezko enpleguaz hitz egitea, zerbitzu publikoen kalitateaz, babes sozialeko sistemaz, berdintasun politikaz…”.

@ehbildu_legebil