Rebeka Uberak proposamena aurkeztu du 2012an Jaurlaritzak dekretu bidez egindako murrizketak bertan behera uzteko, lan hitzarmenetan jasotako eskubideak itzultzeko sektore publikoko enplegatuei.

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean Jaurlaritzak 2012an gastu publikoa murrizteko onartu zuen dekretua bertan behera uzteko, horrek ahalbidetuko lukeelako dekretu haren ondorioz galdu dituzten hainbat eskubide itzultzea EAEko Administrazio Publikoan aritzen diren langileei. Rebeka Uberak azaldu duenez, “gure proposamena onartzen bada, 2012an lan hitzarmenetan egindako murrizketak bertan behera geldituko dira eta, hortaz, langile publikoek borondatezko erretiroagatiko sariak berreskuratuko dituzte, txanda-kontratuak formalizatzeko mugak desagertuko dira, adina dela-eta eskatutako ordutegi-baimenek ez dute soldata murriztea ekarriko, zerbitzu aktiboa luzatzeko aukera errespetatuko da 65 urtetik aurrera eta gaixoaldietan osagarriak hitzarmenetan jasotakoari jarraituz ordainduko dira, murrizketarik gabe”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “2012ko dekretua indarrean mantentzeak ez du inolako justifikaziorik eta bada garaia langile publikoei euren eskubideak itzultzeko”. Uberak, beraz, gainerako taldeek bere proposamena onartzea espero du, “gogoan izan behar dugulako gainera EAJ dekretu horren kontra agertu zela 2012an bertan eta Legebiltzarrak mozio bat onartu zuela zentzu horretan; une hartan PSEk eta PPk bakarrik defendatu zuten dekretua, baina hori ere aldatu egin da harrezkeroztik, pasa den abenduan talde parlamentario guzti-guztiak dekretua bertan behera uzteko bidea jorratzeko prest agertu zirelako irakasle jubilatuen elkarteak hala eskatu zuenean Hezkuntza Batzordean”.

@ehbildu_legebil