EH Bilduk salatu duenez, Otxandioko Udalak zazpi urte daramatza anbulatorio berria eskatzen eta proiektu osoa dauka prest, baina Jaurlaritzako Osasun Sailak aitortu du aurten ere ez dituela obrak hasiko.

EH Bilduko legebiltzarkide Eba Blancok eginiko galdera bati erantzunez, Lakuako Osasun Sailak aitortu du ez duela 2018an Otxandioko osasun-etxe berria eraikitzeko aurreikuspenik eta haren aurrekontuetan ere ez dagoela horretarako kontu-sailik; ondorioz, Otxandioko bizilagunek azpiegitura berri horren zain jarraitu beharko dute beste urte batez, zazpigarrena jada. “Osakidetza eta Osasun Saileko arduradunak adarra jotzen ari zaizkie bai bizilagunei, bai bertako Udalari”, iritzi dio Blancok.

EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, Otxandioko osasun zentro berria beharrezkoa eta lehentasunezkoa da, orain dagoenak muga nabarmenak dituelako espazio eta ekipamenduen aldetik, eta bertako Udalak hala ohartarazi du 2011z geroztik. Blancoren esanetan, “anbulatorio berriaren beharra agerikoa da; esaterako, aukera bakarra da herrian pediatria zerbitzua edukitzeko; ulergaitza eta onartezina da Osasun Sailak eman digun erantzuna eta 2018an horrela egotea oraindik, obrak 2011z geroztik aurreikusita daudelako, proiektua 2012az geroztik bukatuta dagoelako eta anbulatorio berria eraikitzeko lurzorua ere Jaurlaritzaren esku utzi zuelako aspaldi Udalak”.

@ehbildu_legebil

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Bikotekideak etxeari su eman ostean zaurituta zegoen Iruñeko emakumea hil egin da. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du udalak eta mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.