Jaurlaritzak arrazoi teknikoak argudiatu ditu, baina benetako arrazoia bestelakoa da, Julen Arzuagaren iritziz: “EAJk eta PSEk ez dute PP haserretu nahi, gai horrek PPk frankismoarekin duen lotura azalarazten duelako”.

EH Bilduk Memoria Historikoaren Lege Proposamena aurkeztu zuen azaroaren 22an Legebiltzarrean frankismoaren biktimak aitortzeko eta dagokien erreparazio integrala emateko, baina Jaurlaritzak Parlamentuari helarazi dio jada ekimen horri buruz duen iritzia, aintzat hartzearen aurkakoa. Ondorioz, litekeena da EAJk eta PSEk, PPrekin batera, horren tramitazioa galaraztea eta lege proposamena bertan behera uztea Legebiltzarra ohiko jardunera itzultzen denean, otsailean.

Julen Arzuaga da lege proposamenaren egilea eta hark azaldu du EH Bilduk helburu duela “gizarte bezala frankismoaren biktimekin oraindik dugun zorra guztiz kitatzea biktimei dagozkien oinarrizko eskubideak bermatuz, hau da, egiaren ezagutza, aitortza eta erreparazioa, justizia, memoria, eta gertatutakoa ez dela berriz gertatuko. Haren irudiko, Urkullu Gobernua ekimen hori tramitatzearen aurka agertzeak “biktima horien aitortza eta erreparazioa jasotzeko itxaropenak zapuzten ditu, baina PPrentzat, aldiz, albiste ezin hobea da”.

EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, EAJ-PSE Gobernua bi aldiz agertu da jada frankismoaren biktimen aitortza eta erreparazioa bilatzen duen ekimen legegile bat aintzat hartzearen kontra. Izan ere, duela aste batzuk Podemosek epai frankistak deuseztatzea planteatu zuen, baina Jaurlaritzak argudiatu zuen orduan ez duela horretarako ahalmenik; orain, berriz, arrazoi teknikoak aipatzen ditu EH Bilduren lege proposamena atzera botatzeko. “Josu Erkoreka sailburuak dio gure ekimenak ez dituela kontuan hartzen Gogora Memoria Institutuaren eskumenak eta bertan egindako lana, baina ez da horrela; guk proposatzen dugu Gogora Institutuaren lan esparrua zabaltzea eta babes legala ematea jada garatzen ari den ekintzei”. Edonola ere, Julen Arzuagaren iritziz, “Erkorekarena aitzakia baino ez da; benetako arrazoia bestelakoa da: EAJ-PSE Gobernua Memoria Historikoaren Legea tramitatzearen aurka dago ez duelako PP haserretu nahi; PPrekin adostu berri dituzte aurrekontuak eta gai hori oso deserosoa da alderdi horrentzat, frankismoarekin duen lotura zuzena gogoraraztea eta azalaraztea dakarrelako”.

Arzuagak gogora ekarri duenez, Podemosen lege proposamena atzera bota eta bi egunera Joseba Egibar EAJko bozeramaileak autokritika egin beharraz mintzatu zen, eta aitortu zuen ekimen hura tramitera onartu behar izan zutela, “estetikagatik bakarrik bazen ere”. Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak erantsi du EAJk eta PSEk oraingoan ere berdin jokatzen badute eta, Jaurlaritzaren irizpideari men eginez, EH Bilduren proposamena bertan behera uzten badute, “erakutsiko dute ez dutela ontzeko asmorik eta zaplaztekoa emango diete berriz frankismoaren biktimei, oraingoan EH Bilduren aurpegian”.

Arzuagak Memoria Historikoaren Legea onartzearen garrantzia azpimarratu du, frankismoaren biktimak aitortzeko eta dagokien erreparazio integrala emateko. “Ez dugu egia osoa ezagutuko helburu hori duten proposamenak atzera botaz gero; ez diegu biktimei erreparaziorik emango horretarako behar diren neurriei buruzko eztabaida etengabe atzeratuz gero; ez dugu justiziarik egingo nazioartean onartuta dauden eskubideak bazter utzita. Memoriak bidea aurkituko du beti oztopoen gainetik, bai eta Erkorekak aitzakiak eta teknizismo merkeak argudiatuz jarritako oztopoen gainetik ere”.

@ehbildu_legebil