EH Bilduk Jaurlaritzaren txostena aintzat hartu du eta torturaren biktimak erreparatu beharra azpimarratu du. Tortura erabaki politiko baten fruitua izan dela eta torturatzaileen zigorgabetasunaz ohartarazi du. Giza eskubideen urraketan dituen ardurak hartzeari uko egitea egotzi dio PSEri.

EH Bilduren iritziz, 4.000 tortura kasu baino gehiago egiaztatu dituen Jaurlaritzaren txostena “lan izugarria da, torturaren tragediaren ezbairik gabeko erradiografia bat”, Julen Arzuagaren esanetan. Adierazi duenez, txostenak ekarri beharko luke, batetik, Justizia espainolaren funtzionamendua berraztertzea eta, bestetik, ardura politikoak hartzea, baina, baita ere, biktimak aitortzeko eta erreparatzeko mekanismoak ezartzea, porrota bailitzateke hori egiteko bide bat ez aurkitzea.

Arzuagaren ustez, atzo aurkeztutako txostenak agerian utzi du “zigorgabetasunaren dimentsioa”, torturatzaileak oso kasu gutxitan atera direlako kondenaturik eta, hala gertatu den apurretan, Gobernu espainolak indultatu eta saritu ditu ia beti. Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du “tortura Auzitegi Nazionalak homologatutako metodoa izan dela zigorrak ezartzeko, haren helburua ez zelako egia judiziala bilatzea, zigortzea baizik; txostenak, beraz, behartzen gaitu Justizia espainolaren kalitatea eta funtzionamendua berraztertzera”.

Txostena irakurrita, Arzuagak ondorioztatu du “tortura kasuak ez direla egitate isolatuak izan, erabaki politiko baten fruitua baizik”, eta, beraz, “txostenak tortura praktikatu duten polizien arduradun politikoak inplikatzen eta seinalatzen ditu”. Horri jarraituz, lotsagarritzat jo du PSEk emandako erantzuna, “distantzia jarri nahi izan duelako torturan dituen ardurak bere gain ez hartzeko; PSEk ez du bortizkerien eta urraketen unibertso osoa onartu nahi, horrek haren erantzukizuna onartzea ekarriko lukeelako. PSEk dena kondenatzen du inolako erantzukizunik ez hartzeko, eta kontakizuna du helburu bakarra, baina txosten honek azalarazi duen errealitateak itsusi uzten du PSEren kontakizuna”. Lakuan PSE EAJren gobernukidea dela kontuan hartuta, Arzuagak galdetu du ea non dagoen orain “Jaurlaritzaren zoru etikoa, PSEk torturari buruz esandakoak esanda”.

@ehbildu_legebil