EH Bilduren iritziz, Segurtasun Sailak ezin dezake pentsa erasotzaile matxisten gaineko kontrola Justizia Ministerioaren ardura dela bakarrik eta, Ministerioaren sistema telematikoaren gabeziak kontuan hartuta, neurri alternatiboak bilatu behar ditu biktimen segurtasuna bermatzeko.

Erasotzaile matxisten gaineko kontrol telematikoak –eskumuturrekoaren sistemak– huts egiten duela eta, beraz, ez duela indarkeria sexistaren biktimen segurtasuna bermatzen ohartarazi du gaur EH Bilduk Legebiltzarrean, eta Segurtasun sailburuak ere hala dela aitortu du. Hori horrela, Julen Arzuagak Jaurlaritzari dagokion ardurari heltzeko eta kontrol sistema berria prestatzeko eskatu dio sailburuari. “Egia da epaileak direla erasotzaileei aplikatu beharreko kautelazko neurriak erabakitzen dutenak, baina Jaurlaritzaren esku ere badago epaileei bestelako neurriak eskaintzea eta proposatzea orain erabiltzen direnek huts egiten dutela ikusiz gero; hori da EH Bilduk galdegiten diona”. Izan ere, biktima batek –Ziortza Linaresek– Legebiltzarrean adierazi zuenez, “biktimek ikusten dute sistemak ez duela funtzionatzen eta euren erasotzaileak salatzeaz damutzeraino iritsi daitezke, eta hori oso larria da, sistemaren porrota”.

Sailburuak azaldu du gaur erabiltzen den kontrol telematikoaren kudeaketa Justizia Ministerioaren esku dagoela, azpikontratatutako enpresa pribatu baten bitartez eta betiere epaileen erabakien arabera, baina horrek –ohartarazi du Arzuagak– ez du esan nahi Jaurlaritzak ez duenik horretan esku hartu behar. Hortaz, “Lakuako Segurtasun Sailari eskatzen diogu egungo sistemaren inguruko gogoeta egin dezala eta sistema hobea proposatu dezala; Bortxa telefonoa hobetzea eta APP bat sortzea ondo dago, baina mota horretako neurrien zama emakumeen bizkar gainean erortzen da; bestelako neurriak ere behar dira, efektua zuzen-zuzenean erasotzaileengan izango dutenak”.

@ehbildu_legebil