Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak Hezkuntza sailburuaren agerraldia eskatu du Nazioarteko PIRLS 2016 ikerketako emaitzak ikusi eta gero. Izan ere, EAEko emaitzak ez dira onak eta OCDEren bataz bestekoaren azpian kokatzen dira.

PIRLS 2016 nazioarteko azterketa irakurketa ulermenaren progresioa neurtu eta ebaluatzen du eta EAEk atera dituen emaitzak kaxkarrak dira. Rebeka Uberak esan duenez, “ez da lehen aldia, EAEk nazioarteko zein bertoko ebaluazioetan emaitzak kaxkarrak direnik. Tendentzia berretsi eta errepikatzen ari da behin eta berriro, arlo desberdinetan: matematiketan, zientzietan, taldean arazoak konpontzeko gaitasunean eta orain irakurketa ulermenean.” Ahaztu gabe eta kezkatzekoa bereziki, ekitatearen bilakaera, non agerian geratzen ari den hezkuntzan ekitatean beherakada dagoela eta hezkuntzaren xede nagusietako den kohesioa, aukera berdintasuna ahultzen ari dela.

Uberak gogora ekarri du “EH Bilduk, hainbatetan esan duela PISA zein PIRLS ez direla gure ebaluazio erreferentzia tresnak . OCDEK markatzen dituen behar eta oinarrien arabera diseinatutako froga direlako. Merkatuaren beharrei begirakoa.” EH Bilduko legelbitzarkidearen hitzetan “Arriskutsua bila bai daiteke ranking izaera lehenestea, tentazioa egon daitekeelako hezkuntza sistema soilik entrenamendu bide gisa bilakatzea, azterketetan emaitza onak ateratzera bideratuta. Hezkuntza sistemak bete behar duen pertsonaren garapen integrala lortzeko xedea bigarren plano batetan utziz. Baina hala ere, ezin ditugu kontutan hartu gabe utzi”

Bere agerraldi eskaeran Rebeka Uberak hausnarketa sakona eskatzen du eta azken aldian jaso diren txosten desberdinak aipatzen ditu denek irudi berdintsu eta kezkagarria ematen dutelako. Eta batez ere, -gaineratu du Rebeka Uberak-kontutan hartzekoak dira egunerokoan hezkuntza sisteman diharduten eragile, eta kide guztien balorazio, ohartarazpenak. 2009tik hona behin eta berriro mahai gainean jarri dizkigutenak. Nabarmen geratzen ari da, gure hezkuntza sistemak 2009an goia jo zuela eta ordutik ez garela gai izan aurrean dugun gizarte konplexuari aurre egingo dion hezkuntza politika diseinatzeko. Galdera da, behin konstatazioa izan da, zer egingo du Hezkuntza sailak?

@ehbildu_legebil