EH Bildu gizarte langileen figura indartzearen alde agertu da, hezkuntza sistemak inklusiorako behar bereziak dituzten ikasleei egoki erantzuteko. Gaurko akordioaren garrantzia azpimarratu du, Hezkuntzak aurreikusita zeukalako gizarte langileen figura lanpostuen zerrendatik ezabatzea.

EH Bilduk eskola inklusiboaren aldeko aldarria berretsi eta, horri jarraituz, akordioa ahalbidetu du gaur arratsaldean Legebiltzarrean, Lakuako Hezkuntza Sailak gizarte langileen figura bere lanpostuen zerrendan mantentzea eta indartzea beharrezkoa den azter dezan. Nerea Kortajarenak adierazi duenez, “gizarte langileen figura profesionalak berebiziko garrantzia du hezkuntza sistemaren baitan inklusio sozialerako premia bereziak dituzten ikasleei arreta egokia eman ahal izateko”.

“Gezurra badirudi ere, gaur egun –azaldu du Kortajarenak– hiru gizarte langile baino ez daude hezkuntza sisteman, bi Gasteizko berritzegunean eta beste bat Bilboko eskola batean, eta Hezkuntza Sailak gizarte langileen figura hori lanpostuen zerrendatik kentzea aurreikusita zeukan; horregatik da garrantzitsua gaur lortu dugun akordioa, lanpostu horiek mantentzeko eta, hala badagokio, gehiago sortzeko aukera irekita uzten duelako”. Izan ere, akordioaren arabera, Jaurlaritzak hezkuntza sistemako gizarte langileek eginiko lana ebaluatuko du eta, ebaluazioan antzematen diren beharrak aintzat hartuta, pertsonala egokitu beharko du arlo horretan, betiere behar bereziak dituzten ikasleen inklusio prozesuak ahalbidetzeko. E

H Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “gizarte langileen presentzia eta ekarpena ezinbestekoak dira hezkuntza arloan, eskola inklusiboa xede izanda, eta argi dugu, halaber, koordinazioa egon behar duela Gizarte Zerbitzuen Sistemarekin, batak ez duela bestea ordezkatzen”.

@ehbildu_legebil

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Bikotekideak etxeari su eman ostean zaurituta zegoen Iruñeko emakumea hil egin da. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du udalak eta mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.