EH Bilduk kezka adierazi du Ikerketan eta Garapenean egindako inbertsioa etengabe jaitsi delako Urkullu Lehendakaritzara helduz geroztik. “Industria politikak egungo beharrei erantzun behar die, baina Jaurlaritzak funtsean estrategia bera darabil 1980az geroztik”.

EH Bilduk Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzaren (I+G-B) balio estrategikoa azpimarratu du gaur Legebiltzarrean eta ohartarazi du oso kezkagarria dela eremu horrek izan duen eboluzioa Urkullu Lehendakaritzara helduz geroztik. Eustaten datu ofizialak erabilita, Miren Larrionek salatu du I+G+B inbertsioa etengabe jaitsi dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2012az geroztik, Barne Produktu Gordinaren %2,09 izatetik %1,82 izatera pasatu baita, zehazki. Azaldu duenez, Europar Batasuneko batez bestekotik (%2,03) eta 2020. urtean lortu beharreko helburutik (%3) urrundu eta Estatu espainoleko portzentajera (%1,19) hurbildu gara.

Aitortuta Ikerketa eta Garapenaren esparruko inbertsioa igotzea ez dagoela Jaurlaritzaren esku bakarrik, EH Bilduko legebiltzarkideak bai azpimarratu duela Urkullu Gobernuak eboluzio negatibo horretan duen ardura, “haren industria politikak ez dielako gaur egun dauden beharrei erantzuten”, guztiz zaharkiturik geratu delako. Izan ere, “programen izenak aldatu baditu ere, funtsean Jaurlaritzaren estrategia industriala berdin-berdina da 1980ko hamarkadaz geroztik”.

@ehbildu_legebil