Iker Casanovak gogora ekarri du lehendakariak berak lan harremanen arloan ahalmen osoa eskuratu beharra azpimarratu duela, eta ohartarazi dio hori ezinezkoa izango dela haren aliatu politikoak PP eta PSE badira.

Lehendakariak bere agintaldiaz irakurketa oso positiboa egin duen arren, EH Bilduk gogora ekarri dio Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gizartearen sektore handi eta zabala pobretzen ari dela azken urteotan soldatak etengabe jaitsi direlako. INEren arabera, EAEn soldatak etengabe murriztu dira 2013az geroztik, eta Estatu espainolean hori ez da beste inon gertatu; jakina, horrekin batera erosmen ahalmena ere erori da, bost puntu, Lan Harremanen Kontseiluaren arabera.

Iker Casanovak ezinbestekotzat jo du lan harremanen esparruan euskal instituzioek ahalmen osoa eskuratzea, eta gogora ekarri du lehendakariak berak ere aldarrikapen bera egin zuela politika orokorreko eztabaidan. Hala ere, ohartarazi dio, “hori lortzea ezinezkoa izango da PP eta PSEren eskutik, Gernikako Estatutua bera ere betetzen ez dutenen eskutik”, eta, beraz, “aliantza politiko berriak” eraikitzeko eskatu dio, lan harremanen ahalmena benetan eskuratzeko norabidean.

EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritza soldaten jaitsierari ematen ari zaion erantzuna kritikatu du, patronalari men egiten diolako eta haren eskakizun guztiak onartzen dituelako, Sozietate Zerga jaistea, esaterako, sindikatuekin, ordea, zubi guztiak apurtuta dituen bitartean. “Ekonomia hazten ari da, hala da, baina, tartaren metafora erabilita, enpresariak gero eta zati handiagoa hartzen ari dira eta, gainera, langileei dagokien zatia ere poltsikoratzen ari dira”.

@ehbildu_legebil