“Gizarte bezala frankismoaren biktimekin oraindik dugun zorra guztiz kitatzea nahi dugu”, dio Julen Arzuagak. Lege proposamenak Egiaren Batzordea sortzea aurreikusten du, biktimen eskariak aztertzeko.

EH Bilduk Memoria Historikoaren Euskal Legea proposatu du gaur Legebiltzarrean frankismoaren biktimak aitortzeko eta dagokien erreparazio integrala emateko. Julen Arzuagak azaldu duenez, lege proposamena memoria historikoaren arloko elkarteekin egindako elkarlanaren emaitza da eta, hori aurkeztuta, EH Bilduk hauteskunde-kanpainan hartutako konpromisoa bete du, “gizarte bezala frankismoaren biktimekin oraindik dugun zorra guztiz kitatzeko”.

Koalizioaren proposamenak jada existitzen diren dekretuak eta legeak aintzat hartzen ditu, baina marko legala zabaldu egiten du “frankismoaren azken biktimak aitortza eta erreparazioa jaso arte leihatila hori beti irekita egon dadin”. Bada, Arzuagak aurkeztu duen legeak frankismoaren biktima guztiak aintzat hartzen ditu, altxamendu faxistaren egunetik bertatik Konstituzio espainola indarrean sartu zen egunera arte, hau da, 1978ko abenduaren 29ra arte.

45 artikulutan zehar, legeak biktimei dagozkien oinarrizko eskubideak bermatzea du helburu: egia jakiteko eskubidea, aitortza eta erreparaziorako eskubidea, justiziarako eskubidea eta memoriarako eskubidea, bai eta gertatutakoa ez dela errepikatuko bermatzeko eskubidea ere.

Egia jakiteko eta aitortza eta erreparazioa jasotzeko eskubideei dagokienez, lege proposamenak aurreikusten du ikerketa talde bat sortzea Gogora Institutuan. Adituek osatutako talde hori biktimen eskariak jaso eta kasuak aztertzeaz arduratuko litzateke, eta horren inguruko txostena helaraziko lioke adituek ere osatutako Egiaren Batzordeari, behin betiko ebatzi dezan eta erreparazio neurriak, kalte-ordainak barne, erabaki ditzan. Kalte-ordainaren zenbatekoa zehazteko, EH Bilduren proposamenak egun indarrean dauden hainbat lege hartzen ditu erreferentzi gisa, Terrorismoaren Biktimen Legea kasu.

Justizia arloan, lege proposamenak frankismoaren epaiak deuseztatu beharra jasotzen du, eta memoriarako eskubideari dagokionez, neurri ugari planteatzen ditu: sinbologia faxista kentzea, frankismoaren biktimen partaidetzarako euskal kontseilua sortzea, desagertutako pertsonak bilatzeko eta desobiratzeko plan globala egitea, DNA bankua sortzea eta memoriaren lekuaren figura sortzea, euskal memoria historikoari lotutako gune gisa.

@ehbildu_legebil