EH Bildu baikor agertu da Autogobernua Eguneratzeko Ponentzian EAJ eta Podemosekin gutxieneko oinarri demokratikoa dagoelako aurrera egiteko. Erabakitzeko eskubidea eztabaidatik at uzteko PSE eta PPren ahaleginak ezerezean geratu dira.

EH Bildu baikor agertu da Autogobernuaren Eguneratzeko Ponentzia batzartu ostean gaurko bileran argi geratu delako erabakitzeko eskubidea ardatz nagusietariko bat izango dela organo horretan egin beharreko eztabaidan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako estatus politiko berria adostu eta onartze aldera. Pello Urizarrek adierazi duenez, “hiru talde parlamentario nagusiok ikusten dugu erabakitzeko eskubidea eztabaidaren muinean dagoela, eta hori oso garrantzitsua da, gutxieneko oinarri demokratikoa dagoelako norabide horretan aurrera egiteko”.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du Katalunian Konstituzio espainolaren 155. artikulua aplikatu duten alderdiak “ahalegindu direla erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida baztertzen, hori estatus berriaren eztabaidatik kanpo uzteko, baina egon bazegoen arrisku hori uxatzea lortu dugu”.

Ponentzia abenduaren 13an batzartuko da berriro; bitarte horretan talde parlamentarioek beste taldeen proposamenak kontrastatuko dituzte, adostasun puntuak identifikatzeko eta elementu horien sintesia egiteko, estatus politiko berriari forma ematen hasteko.

@ehbildu_legebil