Leire Pinedoren esanetan, EAJ-PSE Gobernuarenak konformismoaren aurrekontuak dira. Dioenez, zerga erreforma sakon baten beharra gero eta nabariagoa da, diru-sarreren atala oso motz geratzen delako.

EH Bilduk Jaurlaritzaren propaganda biluztu eta agerian utzi du gaur Legebiltzarrean Lakuako 2018ko aurrekontuen aurkezpenean. EAJ-PSE Gobernuak “historiako aurrekonturik handienak” egin dituzten leloa behin eta berriz errepikatu arren, 2018an duela bederatzi urte baino diru gutxiago izango du praktikan gastatu eta inbertitzeko. Zorra eta Abiadura Handiko Trena finantzatzeko kopuruak kenduta, 2009an 10.171 milioi euro kudeatu zituen Jaurlaritzak; 2018an, aldiz, 9.978 milioi izango dira, eta ondorioak zerbitzu publikoetan nabarituko dira, ohartarazi du Leire Pinedok, “diru gutxiagorekin gauza gutxiago egin baitaitezke”.

Pinedoren hitzetan, Lakuako aurrekontuei “ausardia falta zaie, labur geratzen dira konformismoaren aurrekontuak direlako; ez dute gehiagorako ematen EAJk eta PSEk hala erabaki dutelako”. Horren ildotik, aurrekontuen gabezia nagusia diru-sarreren atalean kokatu du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta horren ardura egotzi die EAJ eta PSEri, administrazioen baliabide ekonomikoak handitzea ahalbidetuko zuen zerga erreforma sakona egiteari uko egiteagatik. “Jaurlaritzak Aldundiengandik 420 milioi gehiago jaso arren, igoera hori ez da nahikoa zorraren igoera (325 milioi) eta defizitaren murrizketa (150 milioi) estaltzeko. Diru-sarreren egoera ikusita, zerga erreformaren beharra guztiz beharrezkoa da, herri honek behar dituen politika publikoak garatzeko eta aurrera eramateko”. Pinedok gogora ekarri duenez, Ogasun sailburuak berak behin baino gehiagotan eskatu du erreforma sakon hori, baina, EAJk eta PSEk erabakita, “erreforma hori ez dago eta ez da helduko”.

Horrek ondorio negatiboak izango ditu arlo guztietan, enpleguan, esaterako. Hala, “Jaurlaritzak dio 2018an lanpostuak sortuko direla, baina 2017an baino portzentaje baxuagoan. Eta enpresa askotako langileen etorkizun beltza eta langabezian dauden 130.000 pertsonak ikusita, enplegu sorrera %1,7 hazteak ez ditu konponduko langabeziak, eta berarekin batera pobreziak eta prekarietateak, sortzen dituzten arazoak”.

@ehbildu_legebil