Julen Arzuagaren iritziz, “albiste ona da PP ez beste taldeok bat egitea neurrigabekeria salatzean, adierazpen askatasunaren defentsan eta terrorismoaren gorazarre delituak definitzen dituen Zigor Kodearen artikulua aldatzeko eskatzean”.

EH Bilduk parte hartuko du gaur arratsaldean Amurrion Alfredo Remirez (@erreharria) espetxeratzearen aurka egingo den manifestazioan. Remirez bihar bertan sartuko da kartzelan, Auzitegi Nazionalak “sare sozialetan terrorismoaren gorazarre egitea” egotzita kondenatuta, baina, Julen Arzuagak salatu duenez, “delitu tipo hori modu zabalean aplikatzen ari da eta, horren eskutik, funtsezkoak diren eskubideak urratzen ari dira, hala nola, adierazpen askatasuna eta askatasun ideologikoa”.

Hori dela eta, EH Bilduk legez besteko proposamena erroldatu zuen irailean, Legebiltzarra Remirez pairatzen ari den bidegabekeriaren aurka ager zedin. Zuzenketak egiteko epea atzo amaitu zen eta, gainerako taldeek egin dituzten ekarpenak ikusita, Arzuagak uste du “albiste ona dela PP ez beste talde guztiok bat egitea adierazpen askatasuna eta ideologikoa defendatzeko, legeak aplikatu beharreko garaiaren errealitate sozialaren arabera interpretatu daitezela eskatzeko, iritzi soilak emateagatiko kartzelaratzeak salatzeko, zigorrak proportzionalak izan daitezela galdegiteko eta Zigor Kodearen 578. artikulua –terrorismoaren gorazarre eta biktimen umiliazioari buruzkoa– aldatzea eskatzeko, betiere interpretazio arbitrario eta neurrigabeak saiheste aldera, adierazpen, iritzi eta pentsamendu askatasunekin bateraezinak liratekeenak, alegia”.

Finean, EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, adostasuna ia erabatekoa da Amurrioko gaztearen kartzelaratzearen aurka. “Sintonia handia dago bizikidetzaren alde, bai eta Remirez eta haren sendiari babes eta elkartasuna adierazteko ere, kartzelak eragingo dien sufrimendua dela eta”.

@ehbildu_legebil