EH Bilduk argi du Kataluniako autonomia bertan behera uztea eskatzea bateraezina dela Jaurlaritzan goi kargua izatearekin.

EH Bilduren iritziz, oso larria da gaur goizean Euskadi Irratian Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Kabinete zuzendari Andoni Unzaluk egin dituen adierazpenak, Konstituzio espainolaren 155. artikulua Katalunian aplikatzearen alde eta, beraz, hango autonomia bertan behera uztearen alde agertu baita. Bere hitzak hain larriak izanik, EH Bilduk Unzalu berehala kargutik ken dezatela exijitzen die Urkullu lehendakariari eta Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuari. Unai Urruzunok adierazi duenez, Unzalu bera da kargu hori betetzeko moduan ez dagoela erakutsi duena.

EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz, “Jaurlaritzako goi mailako kargu batek ezin du 155. artikuluaren aplikazioa eskatu, hori bateraezina delako Lakuako Gobernuak Kataluniarekiko erakutsi behar duen posizio politikoarekin. Ondorioz, lehenik eta behin lehendakariari, eta gero Retortillo sailburuari, dagokie Unzalu kargutik kentzea. Erabaki automatikoa izan behar da, eta horixe da Legebiltzarrean eskatuko dieguna”.

@ehbildu_legebil