Eba Blancok amiantoaren biktimei aitortza eta erreparazioa legez ematea galdegin du Madrilgo Gorteetan Legebiltzarraren izenean.

EH Bilduko legebiltzarkide Eba Blancok amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa sortzea galdegin du gaur arratsaldean Kongresu espainolean, Legebiltzarrak aho batez onartu zuen moduan. Blanco Kongresuan agertu da Gasteizko Ganbararen izenean aipatutako funtsa sortuko lukeen lege bat onar dadila eskatzeko. Blancok gogorarazi duenez, “Europar Batasunak duela 14 urte debekatu zuen amiantoa erabiltzea, baina material hori modu masiboan erabili da urteetan eta urteetan”; horren ondorioz, 1994tik 2008ra bitartean 305 pertsona hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan birikietako mesoteliomak jota, eta ia 4.000 izan dira horregatik hil direnak Estatu osoan. Gainera, azken ikerketen arabera, aurrerantzean 700 pertsona ingururi diagnostikatuko zaie mesotelioma urtero.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “konpentsazio funtsa sortzea ezinbestekoa da gaur egun amiantoaren biktimek ez dutelako inolako aitortza edota erantzunik jasotzen administrazioen aldetik. Kasu gehienetan pertsona horiek guztiz babesgabeturik daude oso larria den arazo bat pairatzen ari diren arren, askotan inolako erreklamaziorik egiteko aukerarik gabe”. Eba Blancok azpimarratu du gainera biktimen heren bat emakumezkoak direla, eta gehien-gehienak (%75-80) ez ziren lanean kutsatu; euren kasuan kutsadura anbientala edota domestikoa izan zen. Hortaz, behar-beharrezkoa da biktima guztiak aintzat hartzea, bai lan esparruarekin harremana dutenak, bai eta ez dutenak ere”.

@ehbildu_legebil