EH Bilduren iritziz, Auzitegi Konstituzionalak agerian utzi du berriz ere Legebiltzarraren erabakiek ez dutela ezer balio Estatu espainolak gustuko ez dituenean. Jaurlaritzak Konstituzionalaren erabakia albiste txarra dela esatea ez da nahikoa, menpekotasun egoera hau gainditu behar dugu.

Auzitegi Konstituzionalak Estatuaren biktimei aitortza eta erreparazioa emateko legearen artikulu nagusien suspentsioa berretsi izana larria da, EH Bilduren iritziz, baina argigarria ere bai, Konstituzionalak berriz ere agerian utzi duelako Madrilekiko ustezko aldebikotasuna zeharo irreala dela eta Gasteizko Legebiltzarraren erabakiek ez dutela ezer balio Gobernu espainolak gustuko ez dituenean. Jone Goirizelaiak salatu duenez, “Estatuak ezetz esan nahi duenean, gure eskumen guztiak apurtzen ditu eta gure ahalmen guztiak bertan behera uzten ditu helegiteen bitartez; Auzitegi Konstituzionala Gobernu espainolaren menpe dago eta Gobernua horretaz baliatzen da haren helburu politikoak lortzeko”.

Hori horrela, ez da nahikoa Lakuako bozeramaileak esatea biktima polizialen legearen suspentsioa albiste txarra dela; premiazkoa da menpekotasunean oinarritzen den harreman sistema gainditzea eta euskal sistema judizial propioa eratzea, “Estatu espainolaren justizia eredua ez delako gure herriarentzat nahi duguna”. “Benetan herritarren zerbitzura egongo den justizia bat nahi dugu”, zehaztu du Goirizelaiak. Hori dela eta, EH Bilduk ez du bihar parte hartuko urte judizialaren hasiera ekitaldian Bilbon.

Konstituzionalaren erabakiaren gainetik, EH Bilduk Estatuaren biktimekiko konpromisoa berretsi du, pertsona horiek aitortza, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea dutelako, eta Estatuaren jokabidea gaitzetsi du, biktima horiek babestu beharrean, bigarren mailakotzat jo eta mespretxatzen dituela erakutsi baitu.

@ehbildu_legebil