Bizkaiko diputatu nagusiak agerian utzi du ez dakiela nolakoa den zergen errealitatea. Sozietate Zergaren bidez enpresek benetan dagokiena ordaindu behar dute; gaur ez da hala gertatzen ihesbide asko dituztelako.

Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak Sozietate Zergaren tipo nominala jaistearen alde egin dituen adierazpenen haritik, Leire Pinedok argi utzi du gaur “ez Rementeriak ez EAJk ez dutela EH Bilduren babesik izango zergak enpresei jaisteko eta herritarrei igotzeko”. Izan ere, enpresek gutxiago ordainduko balute, Rementeriak eskatu bezala, herritarrek gehiago ordaindu beharko lukete galerak konpentsatzeko. Hori ez da EH Bilduren proposamena, EH Bilduk eredu justu eta ekitatibo bat proposatzen du, klase ertainari eta langileriari mesede egingo diena eta kalitatezko zerbitzu publikoak finantzatzeko baliabideak bermatuko dituena. Koalizioak uztailean aurkeztu zuen bere proposamen zehatza, baina EAJk eta PSEk ez dute oraindik ezer ipini mahai gainean. “Berandu dabiltza”, ohartarazi die Pinedok, eta eztabaida horretan bidaidea aukeratzeko eskatu die: “edo PP eta patronala edo EH Bildu”.

EH Bilduko legebiltzarkideak zerga erreforma orokorra behar dela azpimarratu du, eta Sozietate Zergaren balizko jaitsiera bat justifikatzeko Rementeriak eman dituen argudioak errefusatu ditu. “Enpresak ez dira hona etorriko zerga horren tipo nominala jaisteagatik, hori esaten duenean Rementeria erakusten ari da edo gezurretan ari dela edo ez dakiela nolakoa den zergen errealitatea, nola funtzionatzen duen zerga sistemak”. Gainera, “azken urteotan enpresen etekinak igo dira, baina diru-bilketak behera egin du; kontraesana bistakoa da”.

Horri jarraituz, Leire Pinedok uko egin dio eztabaida osoa Sozietate Zergaren tipo nominalaren inguruan bakarrik zentratzeari. Azaldu duenez, “gure apustua ez da tipoa igotzea, guk nahi dugu enpresa guztiek benetan ordaindu behar dutena ordaindu dezatela; gaur ez da hala gertatzen enpresek ihesbide asko dituztelako dagokiena ez ordaintzeko”. Izan ere, “legea Sozietate Zerga ez ordaintzeko zirrikituz beterik dago, eta ihesbide horiek guztiz kendu behar dira”. EH Bilduk Sozietate Zerga progresibo bat nahi du, enpresa bakoitzari tipo bat edo beste aplikatzeko etekinen arabera.

@ehbildu_legebil