EH Bilduk konpromiso falta egotzi dio Urkulluren Gobernuari Navalen etorkizunarekiko. Lanpostuak babesteko Lakuak duen ardurari eusteko eskatuko dio Arantza Tapia sailburuari Legebiltzarrean.

EH Bilduk penagarritzat jo du Jaurlaritza Navaleko langile batzordeari ematen ari zaion erantzuna. Iker Casanovaren hitzetan, “Urkulluren Gobernua konpromiso falta itzela erakusten ari da eta ihes egiten ari zaio sektore estrategiko horretan jarduera ekonomikoa eta enplegua babesteko duen erantzukizunari; ulertezina da Arantza Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak ezezkoa ematea Naval salbatzea helburu duen negoziazio mahai batean parte hartzeari, Gobernu espainolarekin batera, hori Jaurlaritzak egin beharko lukeen gutxienekoa delako, bai eta finantziazio bideak aztertzea ere”.

Casanovak iragarri duenez, EH Bilduk uda osteko lehenengo kontrolerako bilkura baliatuko du Legebiltzarrean Tapiari horren inguruko azalpenak eskatzeko, eta ontziolen etorkizunarekiko duen ardurari eusteko exijituko dio. Casanovaren iritziz, “Urkulluk berak eginiko adierazpenak Jaurlaritzaren konpromiso faltaren adierazle argia dira, lehendakari batek ezin duelako galdetu nola den posible eskaerak jasotzeko moduan dagoen enpresa bat horrela egotea; lehendakari bati horri erantzutea dagokio, ez galdetzea. Urkulluren hitzek argi uzten dute Jaurlaritza ez dela enteratu herri honetako enpresa handienetako batean gertatzen ari zenaz, kale egin duela enpresak babesteko eta euren egoeraren jarraipena egiteko orduan”.

EH Bilduko legebiltzarkideak dioenez, “sektore estrategiko batez ari garela kontuan hartuta, Jaurlaritzak ez du arazoak merezi duen neurria eman; antzeko egoera kritikoetan Gobernu frantsesak, Andaluziakoak eta Galiziakoak erakutsi duten konpromisoa oso bestelakoa izan da, esaterako, Parisko Gobernuak ontziola bat nazionalizatu berri du jarduna mantendu eta lanpostuak babesteko, eta hemen ere Jaurlaritzak aukera guztiak aztertu beharko lituzke Naval salbatzeko, diru publikoa bideratzea barne, berme eta kontrol guztiekin, jakina”.

@ehbildu_legebil