EH Bilduk Jaurlaritzari eskatu dio benetako negoziazio prozesua ireki dezala sektoreko sindikatu eta bestelako eragileekin. Kalitatezko hezkuntza ezinezkoa da inbertsioa handitu gabe, behin-behinekotasun tasa izugarriarekin eta behar diren irakasleak kontratatu gabe.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak hasiera ofiziala eman dio gaur Gasteizen 2017-2018 ikasturteari, eta EH Bildu ere bertan egon da, sindikatuen eta Eskola Publikoaren Aldeko Plataformaren alboan, kalitatezko hezkuntza sistema baten aldeko euren aldarrikapenarekin bat eginik. Rebeka Uberak azken urteotako murrizketek ikastetxeetan izan dituzten ondorio kaltegarriak gogorarazi ditu, eta gaur hasi den ikasturteak murrizketen amaiera ekarriko duena izan behar duela azpimarratu du. “Uriarte andereak jakin behar du kalitatezko hezkuntza sistema publikoa eraikitzea ezinezkoa dela murrizketei eutsiz gero; ezinbestekoa da horri guztiari buelta ematea, irakasleak falta direlako eta behin-behinekotasun tasa ikaragarri altua delako, besteak beste. Horrela ez dago kalitatea bermatzerik, eta are gutxiago behar adinako inbertsioa egiten ez bada. Jaurlaritzak 167 milioi euro gehiago inbertitu beharko luke hezkuntzan 2009ko parametroetara itzultzeko, eta dezente gehiago Europako Batasuneko batez bestekoaren pare jartzeko; zenbakiek argi uzten dute Urkullu Gobernuak ez duela benetan apustu egiten hezkuntzaren alde”.

EH Bilduk norabide horretan lan egiteko prestasuna duela adierazi du Uberak, eta zentzu berean Hezkuntza sailburuari eskatu dio benetako negoziazio prozesua abiaraz dezala sektoreko sindikatu eta eragile guztiekin, “inbertsioa handitu ez ezik, inbertsio horren erabilera adostu ere egin behar duelako”. Uberaren esanetan, “Jaurlaritzak euskal irakaskuntza sistema arriskuan jarri du haren murrizketekin eta denok gara beharrezko herri gisa dugun erronka honi irtenbide ona emateko hezkuntzaren atal guztietan, haurreskoletan, lanbide heziketan, unibertsitatean, lan baldintzetan, hizkuntza ereduan, aukera berdintasunean eta abar luze batean”.

@ehbildu_legebil